Politika
Operazioa
Guardia Zibilak hiru etxe arakatu ditu Nafarroan eta Gipuzkoan
Erredakzioa
Jon Rosalesen neska-lagunaren baserria miatu dute Aresoko herrian (Nafarroa). Era berean, guardia zibilek beste bi etxebizitza miatu dituzte Zarautzen eta Errezilen.
Guardia Zibilak Jon Rosalesen neska-lagunaren etxea arakatu du, Efe agentziak jakinarazi duenez. Mossoek atzo atxilotu zuten Roseles, Adur Aristegirekin batera, Camprodoneko herrian (Gironan).
Aresoko herrian (Nafarroa) dago Rosalesen neska-lagunaren baserria, Gipuzkoako mugatik oso gertu eta Iruñeatik 49 kilometrora. Bertara joan da gaur arratsaldean Guardia Zibila, etxea miatzera.
Gainera, guardia zibilek beste bi etxebizitza miatu dituzte Zarautzen eta Errezilen. Beobiderekin ustez zerikusia duten gizon eta emakume baten etxeak lirateke.
Terrorismoaren kontrako borrokaren iturriek jakinarazi dutenez, Ibai Beobide ETAko ustezko kide atxilotu zutenean ihes egin zuten bi lagun horiek. ETAko kide ''legalak'' izan daitezke, ustez Beobide Gipuzkoan osatzen ari zen taldeetako kideak.