Itxi

Politika

Operazioa

ETAko beste bi ustezko kide atxilotu dituzte Gironan

Erredakzioa

Camprondonen, Frantziako mugatik gertu, hartu dituzte atxilo, ohiko kontrol batean. Efe agentziaren arabera, atxilotuak Adur Aristegi eta Jon Rosales dira.

ETAko beste bi ustezko kide hartu dituzte atxilo Gironan Mossoek, Camprondonen, ohiko kontrol batean.

Barne Ministerioko iturriak aipatuta Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, atxilotuetako batek ETAren aurka EAEn egin zuten operazio batetik ihes egitea lortu zuen eta ordutik ari ziren bere bila.

Oraindik atxilotuen hatz-markak parekatu ez badituzte ere, Adur Aristegui Aragon eta Jon Rosales Palenzuela dira gaur atxilotu dituztenak, Efek jakinarazi duenez. Iturri berdinen arabera, lehenengoa ''Bizkaia'' komandoarekin erlazionatu zuten, eta bigarrena kale indarkeriarekin.

Antza, agenteek atxilotuetako bat ezagutu dute, aspalditik Poliziak bere bila zebilelako, ETAren aurkako operazio batetik ihes egin ondoren. Estatutik ateratzeko debekua zeukala gaineratu dute.

Atxilotuek ez zeramaten ez armarik ez lehergairik harrapatu dituztenean.

Rosales eta Aristegirekin sei dira Ibai Beobiderekin erlazionatutako atxilotuak.&' || 'nbsp;Atzo, Polizia Nazionalak beste ustezko ETAko kide bat atxilotu zuen Portbouko tren geltokian, Gironan. Atxilotua Faustino Marcos zela adierazi zuen Barne Ministerioak, eta gainean pistola bat zeramala azaldu zuen Gobernuak.

Saura

ETAk Katalunian operazio base bat duenik ukatu egin du Joan Saura Kataluniako Barne kontseilariak, nahiz eta atzo eta gaur ETAko ustezko hiru kide atxilotu bertan.

Kazetariei egindako adierazpenetan, orain eskura dituzten datuen arabera eta atxiloketen ostean ikerketak argitu ditzakeen aspektuen zain, ETAk Katalunian operazio baserik ez duela esan du Saurak. Hala ere, biek Auzitegi Nazionalean deklaratu arte zuhurtziaz jokatu behar dutela adierazi du agintariak.

Atxiloketaren unean ETAko ustezko kideak Frantziara bidean ziren, baina zehazki nora zihoazen ez dakitela adierazi du kontseilariak. Benetako nortasun agiriak zeramatzaten, eta beste bat faltsua.

Mossoek operazioan izandako "arrakastagatik" zoriondu ditu Saurak. Atxiloketek atzo Portboun (Girona) atxilotutako lagunarekin zerikusirik ez dutela azaldu du Barne kontseilariak, Ibai Beobide Arzaren atxiloketarekin bai, aldiz.