Itxi

Mundua

Eskandalua Elizan

Apaizen sexu abusuak "krimen izugarriak" dira, Aita Santuaren ustez

Erredakzioa

Benedictoren ustez, "haurren sexu abusuak gizakiaren duintasuna urratzen du". Ustezko apaiz pederasten zigorra herrialde bakoitzeko araudiaren araberakoa izango da, Vatikanoko bozeramalearen ustez.

Benedicto XVI. Aita Santuak adierazi duenez, apaiz irlandarrek adingabeei egindako sexu abusuak "krimen izugarriak" dira.

Benedictoren arabera, praktika horiek "Jainkoa iraintzen dute pekatuak dira eta gizakiaren duintasuna urratzen dute".

24 apezpiku irlandarrekin bi egunez bildu ostean, arazoari "ausardiaz, erabakitasunez eta zuzentasunez" aurre egin diezaiotela eskatu die Ratzingerrek gotzainei.

Aita Santuak apaizen eta abade izateko ikasten ari direnen prestakuntza espirituala eta akademikoa hobetzearen beharra azpimarratu du, horrelako kasuak ekiditeko.

Gotzain irlandarrek "mina, amorrua eta lotsa" aurkeztu dute kasu horiengatik eta haurrei egindako kalteagatik.

Irlandako Elizak kalte-ordainak eman beharko dizkie biktimei; iturri lokalek 200 milioi euro izango direla adierazi dute dagoeneko.

Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaleak adierazi duenez, apaiz pederastak zigortzea herrialde bakoitzeko araudiaren araberakoa da.

Aita Santua Irlandako gotzainekin bildu den hirugarren aldia da, iragan urtean bi txostenek gertatutakoa agerian jarri zutenetik. Txosten horien arabera, urteetan zehar ehunka haurrek sexu abusuak pairatu zituzten Irlandako apaizen partez, batez ere Dublingo artxidiozesian, 1975etik 2004. urterarte.