Itxi

Politika

Frantziako mugatik gertu

ETAko ustezko kide bat atxilotu dute Portbou herrian (Girona)

Erredakzioa

Frantziatik zetorren tren batean egindako kontrol batean atzeman dute, hain zuzen ere. Atxilotutakoa, Faustino Marcos Alvarez, Madrilera eraman du Polizia Nazionalak.

Espainiako Poliziak ETAko ustezko kide bat atxilotu du gaur goizean Katalunian, Portbou herrian (Girona) hain zuzen ere, Vasco Press agentziak jakinarazi duenez.

Atxiloketa Frantziatik zetorren tren batean egindako kontrol batean egin dute. Antza denez, agenteek nortasun agiriak eskatu dizkiote bidaiari bati, eta hark jokabide susmagarria izan du. Hori dela eta, miatu egin dute eta pistola bat atzeman diote.

Agentzien arabera, atxilotutakoa Faustino Marcos (38 urtekoa) izan liteke.

Faustino Marcos 1971an jaio zen, Donostian, Poliziaren arabera. Atxilotu dutenean Smith-Wesson pistola bat zeraman, 13 kartutxo, 3 Espainiako NAN faltsu, Frantziako bi karnet faltsu, ordenadore bat, 5 USB, bi disko gogor, CDak, DVDak eta 6.000 euro.

2007ko urtarrilean, Poliziak Iker Agirre ETAko ustezko kidea atxilotu zuen antzeko kontrol batean.

Madrilera eraman dute

Atxilotua arratsaldean mugako udalerritik Madrilera eraman du Polizia Nazionalak, Poliziako iturriek jakinarazi dutenez.

ETAko ustezko kidea Portbouko geltokiko Poliziaren egoitzatik 16:10ean atera dute sei agentek, auto kamuflatu batean sartu dute, eta beste ibilgailu eskolta batek jarraitu dio horri.