Itxi

Ekonomia

Europar Batasuna

Neurri gehiago hartzeko konpromisoa hartu du Greziak

Erredakzioa

Europako Batzordeak proposatuta, Atenasek neurri gehiago hartzeko konpromisoa hartu du, orain arte hartutakoek defizita lau puntu jaistea lortzen ez baldin badute.

Gastuak murrizteko eta diru-sarrerak handitzeko "neurri gehiago" hartzeko konpromisoa hartu du Greziako Gobernuak, orain arte hartutakoek hilabete baten buruan defizita lau puntu jaistea (% 12,75etik % 8,7ra) lortzen ez baldin badute.

Hartu beharreko neurriak zeintzuk izango diren Atenasi dagokiola iragarri du Jean Claude-Juncker Eurotaldeko presidenteak. Baina Greziak neurriak hartzeko konpromisoa hartu duela adierazi du Junckerrek, Europako Batzordeak hala proposatuta.

Gainera, Grezia "merkatuen menpe" utziko ez dutela ziurtatu du Junckerrek, nahiz eta egoera egonkortzeko neurriek ez funtzionatu.

Hala ere, George Papandreu Greziako Gobernuko presidenteak martxan jarritako egitasmoan konfiantza dutela adierazi dute EBko Ekonomia ministroek. Planak espero dituzten emaitzak lortuko dituela uste dute ministroek, "asmo handikoa" delako.

EBZ

Bestalde, Vitor Constancia Portugalgo Banku Zentraleko gobernadorea aukeratu dute euroguneko ministroek Lucas Papademos greziarra Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidente gisa ordezkatzeko.