Itxi

Politika

Barne eztabaidaren ostean

Erreakzioak, ezker abertzalearen agiriaren aurrean

Erredakzioa

"2011ko udal hauteskundeetan izateko beste muntai bat" dela uste du PPk. EAk, ostera, ondorioak "norabide egokian" emandako pauso bat direla esan du.

Estrategia politikoa zehaztu eta erabakitzeko ezker abertzaleak egin duen eztabaida bukatutzat eman du eta eztabaidaren ondorioak txosten batean laburbildu ditu. Bertan, "bortizkeriarik eta injerentziarik gabeko prozesu demokratikoa" garatzeko "bide eta bitarteko politiko eta demokratiko hutsen erabilera" defendatu dute. Agiriak berehala euskal alderdi politikoen erreakzioak ekarri ditu.

EAJ

Ezker abertzalean "aurrerapausoak eman diren jakiteko letra txikia irakurtzea" beharrezkoa dela esan du Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Radio Euskadin. "Printzipioz, literatura eta prosa ondo dago", baina ondorioak "1999ko udaberrian egindako adierazpenen antza handia" dutela adierazi du Ortuzarrek. "Indarkeria gehiago ez izateko" zer egingo duen argitu dezan eskatu dio EAJko ordezkariak ezker abertzaleari, "eta baldin badago, zein izango den bere jarrera".

PP

Ezker abertzalearen agiriak "ETA gaitzesten" ez duela azpimarratu du Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozermaileak, eta "2011ko udal hauteskundeetan izateko beste muntai bat" direla adierazi du. Zentzu horretan, "adi egotea" eskatu du, "Batasunaren maniobra ekiditeko".

Aralar

Bestalde, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak "pauso positibo garrantzitsutzat" jo du komunikatua. "Aralarren jarrera ideologikora hurbilketa bat" dagoela uste du Zabaletak eta "etorkizunean politika norabide horretan garatu behar" dela gaineratu du.

EA

Barne eztabaidaren ondorioak "norabide egokian" emandako pauso bat direla adierazi du Eusko Alkartasunak, "bide politikoak soilik berresten dituelako, oinarri demokratiko lagaezina aintzat hartzen duelako guztien artean bakea eta normalizazioa lortzeko Euskal Herrian".

UPyD

Gernikako Estatutua eta Espainiako Konstituzioa ekintza politikoa egin ahal izateko "mugak" direla gogorarazi dio Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak ezker abertzaleari. "Komunikatu guztien gainetik bakarra egin behar du lehenago, ETA gaitzetsi eta desagertzeko eskatzea", Maneiroren hitzetan.