Politika
Barne eztabaidaren ostean
Ezker abertzaleak bitarteko politiko hutsen aldeko apustua egin du
Erredakzioa
"Bide eta bitarteko politiko eta demokratiko hutsen erabilera" defendatu du ezker abertzaleak barne eztabaidaren ondorioak jasotzen dituen txostenean. Erreakzioak.
Estrategia politikoa zehaztu eta erabakitzeko ezker abertzaleak burutu duen eztabaida bukatutzat eman du eta eztabaidaren ondorioak txosten batean laburbildu ditu. Bertan, "bortizkeria eta injerentzia gabeko prozesu demokratikoa" garatzeko "bide eta bitarteko politiko eta demokratiko hutsen erabilera" defendatu dute.
Asteburu honetan ezker abertzaleak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Herrialdeko Batzarrak bildu ditu "Zutik Euskal Herria" ebazpena berresteko, besteak beste. Egoera politikoaren inguruko hausnarketa burutu du militantziak eta eztabaida prozesuaren balantzea egitearekin batera, 2010erako ezker abertzalearen plangintza politikoa definitu dute.
Lau puntutan laburbildu dituzte ebazpenaren edukiak:
Alde batetik, "aldaketa politikorako baldintzak" sortu ostean, "aldaketa gauzatzeko garaia" iritsi dela ondorioztatu dute. Ondorioz, "fase politiko honen helburua aldaketa politiko hori burutzea da, gure herrian proiektu politiko guztiak defendagarri eta gauzagarri izateko oinarri nahikoa izango duen marko demokratikoa eskuratuz". Bake iraunkor eta egonkor bat lortzearen alde egin dute eta hori aldaketa gauzatzeko erronka barneratzeak "geure burua aldatzea ere eskatzen du".
Bestalde, ezker abertzalearen iritziz, aldaketa erreal baterako aukera, egungo zikloa gainditu eta
ziklo demokratiko bat irekitzeko aukera zabal-zabalik da.
Gainera, "soilik bide eta bitarteko politiko eta demokratikoak erabiltzearen konpromisoan berresten gara". Izan ere, "bitarteko horiek dira prozesu demokratikoaren abiatze eta garapenaren berme, motor eta trakzio ardatza izango diren herri aktibazio eta indar demokratiko eta aurrerakoien ekintza batasuna posible egingo dutenak".
Eta azkenik, "soilik masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoaren bidez lorturiko indar metaketa zabala da Estatua ideia eta proiektu politikoen konfrontazio askera eramateko oinarria, eta horren bidez euskal herritarrek euren etorkizunaz erabakiak era libre, baketsu eta demokratiko batean hartuko dituzten agertokia sortzeko modua".