Itxi

Athletic Club

Adierazpenak

Iraola (Athletic): "Vila-real aurkari zuzena da"

Haritz Gallastegi

Lezama

Elurra eta hotza tarteko instalazio barruan entrenatu da Athletic.

Athleticen eta Vila-Realen kirol ibilbideak ezberdinak izan dira oso azken denboraldiotan. Zuri-gorriek nahikoa lan izan dute mailari eustearekin. Urpekari horiak, berriz, bere historiako emaitza onenak eskuratu ditu. Baina denboraldion aldatu egin da talde bien egoera. Athleticek aurrerapausu handia eman du eta egun Garridok zuzentzen duen taldea, berriz, sasoi hasieran espero baino askoz atzerago dago. Hala ere, Europako postuak ez ditu oso aparte. Beraz, egun helburu antzekoak dituzte talde biek. "Vila-Real gure aurkari zuzena da egun", esan du Iraolak.

Urpekari horia ondo aritu ez arren, kontuan hartzeko taldea da. Maila oneko jokalari asko ditu eta ondo jokatzen du futbolean. "Erditik jokatzen du. Jokalariak asko mugitzen dira. Etengabe ari dira euren postuak aldatzen".

Athleticek bestelako jokoa dauka. Caparros estiloa duena, hain zuzen ere. Bai Iraolak eta baita Toquerok ere entrenatzailean aldeko berbak izan dituzte. "Lan ona egiteaz gain emaitza onak eskuratu ditu", esan du usurbildarrak. Aurrelari gasteiztarrak, berriz, ez du ahaztu nor izan zen bere alde egin zuen teknikaria. "Badakizue nola pentsatzen dudan. Berak eman zidan Athleticen jokatzeko aukera".

Bestalde, lan saioari dagokionez, Athletic instalazio barruan entrenatu du. Lezamako berdeguneak zuri zeuden eta barruan entrenatzea egokiago zela erabaki dute teknikariek.