Itxi

Ekonomia

Zerga arauak

Senatuak onartu egin du Kontzertu Ekonomikoa 'blindatzea'

Erredakzioa

PPk aurka bozkatu eta bost zuzenketa defendatu ditu osoko bilkuran, baina gainerako taldeek osoko zuzenketak bezala ulertu eta atzera bota dituzte.

Osoko bilkuran aldundietako zerga arauen blindatzea onartu du Senatuak, PPren kontrako botoekin. Horren arabera, segurtasun juridiko zabalagoa izango dute; izan ere, batzar nagusietan onartzen dituzten zerga arauek lege maila izango dute eta erakundeek helegitea Auzitegi Konstituzionalean jarri ahal izango dute bakarrik.

Proposamenaren alde 132 senatarik bozkatu dute eta 114 kontra, guztiak Alderdi Popularrekoak. Era berean, PPn abstentzio bat izan da, baina Joaquin Ramirez senatariak hanka-sartzea izan duelako.

Osoko bilkuran bost zuzenketa defendatu ditu AlderdiPopularrak, baina gainerako talde politikoek ekimenari aurkeztutakoosoko zuzenketa gisa ulertu dituzte. Konstituzioaren kontrako helegiteaberriz sartzeko saiakera izan dela uste izan dute gainerako taldeeketa, ondorioz, zuzenketak atzera bota dituzte.

Auzitegi Konstituzionaleko eta Botere Judizialeko lege organikoak aldatzeko proposamena egin zuen Eusko Legebiltzarrak, arau horiek Konstituzionalean soilik errekurritu ahal izateko.

Diputatuen Kongresuan ekimena aurrera ateratzeko prozedura urriaren 13an hasi zen eta Ganberak Eusko Legebiltzarraren proposamena aintzat hartu zuen.

Senatuko Konstituzio Batzordeak Kontzertuaren blindatzeari buruzko txostena berretsi zuen urriaren 2an, PP salbu Parlamentuko talde guztien babesarekin.

Iragan abenduan Kongresuan premiazko prozeduraz onartu ostean heldu da lege-proposamena Senatura. Izan ere, sozialistek eta jeltzaleek tramitazioa onartu zuten Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziaketan, aurten.

PP

Ramon Rabanera (Arabako hautetsia) eta Juana Iturmendi (Legebiltzarrak aukeratua) Euskadiko PPko senatariek bozketaren momentuan Ganberan ez izatea aukeratu dute, Diputatuen Kongresuko alderdikideek aurretik egin bezala. Gasteizko Ganberako PPko legebiltzarkideei elkartasuna adierazteko ekintza izan da, beraiek proposamena bultzatu zutelako.

Jarrera "koherentziagatik eta kontzientziagatik" justifikatu du Rabanerak, "arau fiskalen aurka ezin dudalako bozkatu, beti defendatu ditudalako". Bakoitzak "bere ibilbidea du" eta zortzi urtez Arabako diputatu nagusia izan zela gogorarazi du Rabanerak.

Abstenitzeko aukera izan duela onartu du Arabako senatariak, ez datorrelako bat legea egin den moduarekin, izan ere, aurtengo Aurrekontuak onartzeko PSOEren eta EAJren arteko "trukada" bat izan dela adierazi du.

Taldeko bozeramaileak osoko bilkuran ez izateko baimena eman die bi senatariei eta ez dute zigorrik jasoko, PPko iturriek jakinarazi dutenez.

Helegitea

Bestalde, Pilar del Olmo Gaztela eta Leongo Ogasun kontseilariak gaur iragarri duenez, erkidegoko Gobernua Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera aztertzen ari da, euskal Kontzertu Ekonomikoaren kontrako helegitea aurkezteko.