Reala
Nasticen kontrakoa
Aranburu (Reala): "Neurketa garrantzitsua da, kito"
Ander Altuna
Zubieta
Kapitainak dio garaipenak konfiantza eta segurtasuna aitortuko liekeela eta ez dagoela urduritzeko arrazoirik.
Kezka, konfiantza galera, funtsezko neurketa...gisa horretako hitzak erabili dituzte txuri-urdinen informazioa gertutik zaintzen duten kazetariek asteon. Horren harira, lasaitasunez zipriztindutako mezua zabaldu du Mikel Aranburuk ohikoa duen zuhurtziarekin. "Hiru partida daramatzagu irabazi gabe eta horrek beti sortzen du kezka puntu bat. Urduritu eta guzti-guztia kolokan jartzea beste kontu bat da ordea. Oso postu onean jarraitzen dugu eta edozeinek hartuko luke Realaren tokia. Beti egon behar zara tentsioan partida baten atarian eta Nasticen kontrakoa garrantzitsua da. Kito. Ezin daitezke gauzak nahastu".
Lasarteren taldeak pilatu dituen zenbakiak ukaezinak dira: 18 partidaren faltan 44 puntu dituzte, bigarren talderik goleatzaileena eta gol gutxien hartu duen hirugarrena da eta aurreko 13 lehietatik behin baino ez da galtzaile atera. Azken boladako jokoa berriz, eztabaida iturri bihurtu da. "Ez ginen erraz iritsi Murtziaren ate ingurura eta guk, orokorrean, gol aukera ugari sortzen ditugu. Joko traketsaz edo oparoaz, arrisku gehiago sortu behar dugu eta neurketa irabazi, aurrerantzean konfiantza eta segurtasun handiagoz aritzeko", adierazi du. Itxura guztien arabera, azpeitiarrak bere kokagunea atzeratuko du euskarri posturaino. Ez da aldaketa bakarra izango. Atzeko lerroan esaterako, De la Bella itzultzekoa da eta Gonzalezen ordez. Ezker atzelariak mikrofonoen aurrrean aitortu du, bere jokoak "gora" egin duela "konfiantza gehiagoz" ari baita.
Berdeguneko lanari dagokionez, Pablo Balbi prestatzaile fisikoaren aginduetara izan dira gaur. Arrastsalden berriz, baloia izango da protagonista.