Politika
Kontzertu Ekonomikoa
Gaztela eta Leonek 'blindatzea'ren kontrako helegitea jar lezake
Erredakzioa
Erkidegoko Gobernua aukera hori aztertzen ari da eta bihar iragarriko dute azken erabakia, Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean. Blindajeak gaur emango du azken pausoa Senatuan.
Pilar del Olmo Gaztela eta Leongo Ogasun kontseilariak gaur iragarri duenez, erkidegoko Gobernua Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera aztertzen ari da, gaur arratsaldean Senatuan onartuko duten euskal kontzertu ekonomikoaren kontrako helegitea aurkezteko.
Bihar Gaztela eta Leongo Gobernu Kontseiluaren ostean erabakiko dute araudiaren kontrako helegitea jarri ala ez. Senatuak gaur arratsaldean kontzertu ekonomikoa ''blindatzea'' onartzen badu, eta hala izatea espero da, euskal aldundien foru arauen kontra Auzitegi Konstituzionalean soilik jo ahal izango da.
Del Olmok, dena dela, espero du bere erkidegoko senatariek azken orduan neurriaren kontra bozkatuko dutela, izan ere, araudi berriak "diskriminazioa, enpresak deslokalizatzea eta zergen lehiakortasun desleiala" ekarriko luke.
Kontseilariak gogora ekarri duenez, Gaztela eta Leonek helegiteak aurkeztu ditu euskal aldundien dekretuen kontra, zeren EAEko sozietateen zerga Gaztela eta Leongoa baino baxuagoa izatea zilegi ez dela deritzo.
"Erkidego batean zerga gutxiago ordaintzen badituzte, jendea bertara joango da eta han sortuko ditu lanpostuak", laburtu du Del Olmok. Era berean, Europar Batasunak Gaztela eta Leoni ematen dizkion laguntzak babestu ditu, "lehiakortasuna lortzeko trantsizioan" dagoelako.
Hala ere, EAEk laguntza horiek ezin dituela eman uste du, Europar Batasunak galarazten diolako eta blindajearekin enpresei laguntzea bilatzen dutenez, Europako araudiaren kontra joango liratekeelakoan.