Itxi

prentsa oharrak

Eugenio Elduiaien

"Antxoaren prezioa igoko da baina erokeriarik egin gabe"

O.Y.

Euskadi Irratia

Gipuzkoako arrantzaleen kofradiako presidentea. Antxoaren kanpaina berrekinda, atun gorriarenak kezkatzen ditu orain Gipuzkoako arrantzaleak, antxoarekin gertatua baina okerragoa gerta litekeelako.

Bost urteren ondoren, antxoatara berriz ere aterako direlako pozik daude euskal arrantzaleak. Urteetan beraiek defendatu dutena, biomasa badagoela zientzialariek frogatu ondoren, martxoaren 1etatik aurrera aterako dira antxoa harrapatzera. Kostera berriarekin "galduta" daudela onartu du Eugenio Elduaien, Gipuzkoako Arrantzaleen kofradiako presidentea, 5 urte atera gabe izan direlako. Baina, gauzak ondo, apirilearko espero dituzte lehen antxoa aleak, "akaso martxoa bukaerarako batzu salgai izango dira".

"Albiste Faktoria"n egin dioten elkarrizketan, Elduaienek aitortu du prezio igoera izango dela baina, "ez da erokeriarik izango". Arrantzaleek lonjan sei euro kiloko eta arrandegietan 12 bat eurotan kiloko saltzea espero du.

Asteko eta untzi bakoitzeko bost mila kilo antxoa harrapatzea adostu dute Kantauriko arrantzaleen artean. "Ez dugu aurtengo kostera kilo askorekin hasi eta berriro 4-5 urtetan itxita egoterik nahi", esan du Elduaienek. Kontrolak jarriko dituzte, beti arrantzaleen jokaeran zalantza daudelako. "Izango da tranpa egin nahi duenik baina, gu elkartu eta epe eta kontrol batzu jarri ditugu. Egunero deskarga kopurua bidali beharko du kofradiara", erantsi du.

ATUN GORRIA

Berdeletara atera berriak dira arrantzaleak eta astelehenetik aurrera flota guztia kanpoan izatea espero dute. Aurten kuota jarri diotela esan du Elduaienek.

Baina, berdelak baino gehiagok atun gorriarekin gertatzen ari denak kezkatu ditu. Eugenio Elduaienen hitzetan, "antxoa baino okerragoa izan liteke atun gorriarekin gerta litekeena. Hondarribitarrok zimarroi asko harrapatu dugu eta hortaz bizi gara. Orain debekua jarri nahi digute, mediterrano inguruan gehiegikeriak egin dituztelako."

Atun gorriaren harrapaketetarako kuotak murrizten joan da azken urteetan ICAT erakundea. Adibide baterako: 160.000 kilo atun gorri harrapatu izan ditu Eugenio Elduaienen barkuak, 20.000 harrapatzeko baimena izango du aurten. Euskal arrantzaleak ez daude ados zimarroiaren harrapaketetarako ICAT-ek erabaki dituen kopuruak eta jada auzitegietara eraman dute agindua.
"Oso haserre eta kezkatuta gaude" esan du Elduaienek. CITES izeneko erakundeak orain aztertu behar du gaia eta atun gorria ez komertzializatzeko erabakia hartu dezake. "Ekologistek gehiago estutu nahi dute eta komerzializazioa kentzen badute hori bukaera litzake. Gehiegikeriak besteek egiten dute Japonera eramateko, ez guk."