Itxi

Politika

Dekalogoa

Lehendakariak 10 proposamen igorri dizkio EAJri

Erredakzioa

Bere aldetik, alderdi jeltzaleak kritikatu du hedabideetan izan dutela proposamenen berri, eta horrek akordioak lortzeko itxaropena urratzen duela.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu egin du Patxi Lopez lehendakariak 10 proposamen igorri dizkiola EAJri akordioak lortzeko asmoz, eta horitako baten helburua "ETAren aurkako batasun demokratikoa" indartzea dela.

Mendiak azaldu du gaur bertan helarazi diotela eskaintza alderdi jeltzaleari, "PPri ezkutatu barik".

Hain zuzen ere, dekalogoak honako arloak jorratzen ditu: Politika Sozialak, osasun sistemaren erreforma, iruzurren aurkako politikak, Administrazio Publikoen eta hezkuntza sistemaren modernizazioa, Udal Legea, zientziaren eta I+Gren sustapena, ingurumena eta ETAren aurkako borroka.

Urdaibaiko eskualdearen garapena, Donostialdeko Metroa eta Debagoienako tranbia ere hizpide dituzte.

EAJren erantzuna

Bere aldetik, EAJk zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzaren "benetako asmoa" akordioak lortzeko, dekalogoaren berri hedabideetan izan duelako (Vocento taldeari filtratu diote).

Agiri batean, EAJk ziurtatu du jarduteko modu horrek akordioak lortzeko itxaropenak "urratu" egiten dituela.

Halaber, alderdi jeltzaleak kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzak egunkari batzuk erabili izana "Aldizkari Ofizialak" bailiran.