Ekonomia
Lan-erreforma
Zapateroren lan-erreforma "ez da nahikoa", Adegiren esanetan
Erredakzioa
Eduardo Zubiaurreren iritzian, enpresek "zona erosoetatik atera behar dira eta susperraldian dauden herrialdeetara joan; gainera, kosteak esparru guztietan egokitu behar dituzte".
Eduardo Zubiaurre Adegiko presidenteak uste du Jose Luis Rodriguez Zapaterok joan den ostiralean iragarritako lan-erreforma nahikoa ez dela eta lan merkatuaren "malgutasun seguruaren" alde egin du.
''Nueva Economia. Tribuna Euskadi'' foroan egin ditu aipatu adierazpenak. Egungo krisi ekonomikoa azken hamarkadetan ezagutu den "larrienetakoa" dela nabarmendu du, baina berau gainditzean ezer ez dela berdina izango iragarri du, "aro berri bat" hasiko dela.
Aldaketa horretara egokitzeko enpresek neurriak hartu beharko dituztela azaldu du. "Lehiakorragoak izan beharko dira, dimentsioa hartu beharko dute; zona erosoak utzi eta ekonomiak susperraldian dituzten herrialdeetara joan beharko dira, kosteak esparru guztietan egokitzeaz eta malgutzeaz gain", zehaztu du.
Ildo horretan, lan-merkatuan eraldatzea behar dela esan du, "egun ezagutzen dugun moduan ez baitu funtzionatzen". Era berean, negoziazio kolektiboak "etorkizunik ez" duela eta "agortuta" dagoela adierazi du.
"Egungo negoziazio kolektiboaren ereduak ezinezko egiten du enpresak malguagoak izatea eta leihakorragoak izatea. Langabeziaren errudunak enpresariak direla esateak eta haien esku-hartzea murrizteak ez du laguntzen enplegua sortzeko baldintzak jartzen", erantsi du.
Zubiaurrek azaldu duenez, lan merkatua "malgua eta segurua" izan behar da, Danimarka eta Holandan egiten den moduan eta proposamen horrek hiru oinarri izan behar ditu.
Oinarri horiek ondokoak dira: "Mugikortasun funtzionala, geografikoa eta ordutegiena ezartzea; langabeziagatik emandako prestazioak handitzea eta trebakuntza bermatzen dute enplegu politikak izatea, lan-merkatura ahalik eta azkarren itzultzeko".