Itxi

Ekonomia

Goi-bilera europarra

Zientziak krisialdian izan behar duen papera, hizpide Donostian

Erredakzioa

Europar Batasuneko 27 estatu kideetako ordezkariek 'Donostiako Adierazpena' adostuko dute gaur Kursaalen, krisialditik ateratzeko ikerkuntzak izan behar duen zeregina aldarrikatzeko.

Europar Batasuneko 27 estatu kideek zientziak, ikerketak eta garapenak krisitik ateratzeko izan behar duten papera aldarrikatuko dute gaur Donostian, bihar arte egiten ari diren Lehiakortasunaren europar Goi-bileraren baitan. Zeregin horretarako, "Donostiako Adierazpena" adostuko dute gaur.

Hogeita zazpien ordezkariek lehen hartu-emana izan zuten atzo hiriarekin, eta gaur lan saioak hasiko dituzte Kursaal jauregian.

Bilera 09:00etan hasi da, eta Cristina Garmendia Espainiako Gobernuaren Zientzia eta Berrikuntza ministroak egin die harrera parte-hartzailei.

Batzarretan, Europan ikerketari buruzko espazio bateratua nola sortu aztertuko dute. Baina beste hainbat gai ere sakonduko dituzte, hala nola I+G politikei nola eman garrantzia europar proiektuaren baitan eta pobreziaren aurkako borrokan berrikuntzak izan behar duen zeregina.

Zientzialariei lotutako gai teknikoak eta profesionalak ere izango dira hizpide, tartean ikerlarien mugikortasuna eta karrerak, eta azpiegitura zientifikoak nola partekatu.

Bihar auto elektrikoaz ere arituko dira.

"Beste Euskadi hori"

Atzo, Europako ministroei eskainitako afari batean, "ETAren kronika beltza" alde batera utzita ezagutzea merezi duen "beste Euskadi hori" nabarmendu zuen Patxi Lopez lehendakariak.

Gainera, euskal sukaldariak berrikuntzaren eta tradizioaren adibide jarri zituen. "Euskal sukaldariek esan digute zein den jarraitu beharreko bidea gizarte bezala hazteko: Gure erroetatik abiatu, gure iraganaz ikasi, gure produktuak zaindu eta konponbide berriak bilatu".