Ekonomia
Lan erreformaren proposamena
Zapatero: "Proposamenak ez du eskubideen galera ekartzen"
Erredakzioa
Gobernuaren proposamena "bide onean" doa, enpresarien ustez. Bestalde, sindikatuen hitzetan, Gobernuaren lan erreformaren proposamena ez da pentsioena bezain gogorra.
Zapaterok horrela esan du prentsaurrekoan, Moncloan Gerardo Diaz Ferran Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidenteari eta Jesus Barcenas CEPYMEko presidenteari, eta Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOOko eta UGTko sindikatuetako idazkari nagusiei lan erreformaren nondik norakoak azaldu eta gero.
Lan erreformak "adostuak direnean erabat erabilgarriak" dira, eta Ministroen Kontseiluak goizean onartutako lan erreformaren proposamena "ildo horretan" doa.
Lan erreformaren proposamenak esparru "zabala eta negoziagarria" duela esan du Zapaterok, kontratazio mugagabea sustatzeko. Ildo horretan, proposamenak kaleratzeen kostuak gutxitzeko neurririk ez dakarrela gaineratu du.
Lan erreformak ez ditu kontratu mota berririk sortuko lan merkatuan, baina existitzen direnen moldaketa ekarriko du, "sustapen ekonomikora ahalik eta arinen bueltatzeko eta enplegua sortzeko".
Gizarte-eragileei emandako dokumentuak garatu beharreko zortzi ekintza nagusi jasotzen ditu.
Urteko 33 eguneko kalte-ordaina duen kontratuaren erabilera zabaltzeaz gain, lanorduak murrizteko aukera begietsi du dokumentuak, eta baita aldi baterako lan-kontratuak murriztea, lanaldi partzialeko kontratuak ugaritzea eta 24 urtera arteko gazteentzako ezohiko egitasmo bat martxan jartzea ere.
Gerardo Diaz Ferran esan duenez, proposamena "positiboa" da eta "bide onean doa".
Toxo eta Mendez idazkari nagusien hitzetan, Gobernuaren lan erreformaren proposamena ez da pentsioena bezain gogorra.
De la Vega
Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Maria Teresa Fernandez de la Vegak azaldu duenez, neurrien norabidea "egokia" dela ziur dago Gobernua; era berean, De la Vegak lan merkatuaren hobekuntza Exekutiboaren lana dela esan du, etorkizunean lan-merkatua "lehiakorragoa" izateko.