Itxi

Ekonomia

Bukatu da bilera

Lan erreformari buruzko informazioa eman die Zapaterok sindikatuei

Erredakzioa

Espainiako Gobernuak zuhurtziaz jokatzea erabaki du, eta sindikatuen presioaren aurrean, lan erreformaren nondik norakoak azalduko dizkie gaur arratsaldean sindikatuei.

Ministroen Kontseiluak onartu egin du gaur lan merkatua erreformatzeko Espainiako Gobernuak egindako proiektua. Gaur arratsaldean gizarte-eragileekin bildu da Jose Luis Rodriguez Zapatero, erreforma proposamenaren inguruan eztabaidatzeko.

Arratsaldeko 17:00etan bildu da Zapatero Monkloan Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOOko eta UGTko idazkari nagusiekin, eta Gerardo Diaz Ferran Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko eta Jesus Barcenas CEPYMEko presidenteekin.

Ministroen Kontseilu osteko prentsaurrekoan Maria Teresa Fernandez de la Vegak ez ditu xehetasun handirik eman nahi izan, eta Zapaterok "Gobernuaren proposamenari buruz guztiei informatuko diela" esan du.

Akordioa lortzeko epeari buruz, arratsaldean "finkatuko" dela esan du presidenteoordeak, eta ildo horretan, Zapaterok jakinaraziko dituela gehitu du.

De la Vegaren hitzetan, proposamenak bost helburu nagusi ditu: enplegua sustatzea, aldi baterako kontratuen eta iraunkorren arteko oreka zuzentzea eta lanaldi partzialeko kontratu egonkorrak luzatzea, enplegua lortzeko aukerak sustatzea, enpresen barne malgutasuna sustatzea eta gazteei lana emateko programa abiatzea.

Presidentordearen hitzetan, neurrien norabidea "egokia" dela ziur dago Gobernua; era berean, De la Vegak lan-merkatuaren hobekuntza Exekutiboaren lana dela esan du, etorkizunean lan-merkatua "lehiakorragoa" izateko.