Itxi

Ekonomia

Pentsioen erreforma

Kotizazio epea luzatzea errefusatu egin du Gobernuak

Erredakzioa

Ekonomia Ministerioaren arabera, ez dute proposatu erretiro-pentsioa kobratzeko lanean eman beharreko urteen kopurua luzatzea; proposamen konkretu bat gisa hartu bada ere, "simulazioa" baino ez zen.

Gaur goizean Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak gastu publikoa murrizteko hainbat neurri ekonomiko jasotzen dituen dokumentua igorri dio Europako Batzordeari; besteak beste, lan-bizitza luzatzeko (erretiro-pentsioa kobratzeko lanean eman beharreko urteen kopurua, 10 urtetan, luzatzea) aukera aurkeztu dio.

Jarraian, Ekonomia Ministerioak aukera hori bertan behera utzi du eta Bruselara igorritako 2009-2013 Egonkortasun Programa zuzendu egin du.

Hori horrela, Ekonomia Ministerioak prentsa-oharrean adierazi duenez, Gobernuak ez du proposatu erretiro-pentsioa kobratzeko lanean eman beharreko urteen kopurua luzatzea; proposamen konkretu bat gisa hartu bada ere, "simulazioa" baino ez zen.

Gero, Celestino Corbacho Lan eta Immigrazio ministroak esan duenez, lan-bizitzaren erreformarako eztabaida dokumentu bakarra Toledoko Itunean eztabaidatuko dena izango da.

Hala eta guztiz ere, Corbachoren hitzetan, Egonkortasun Programan aurkeztutakoa (erretiro-pentsioa hamar urtetan luzatzea) "ez zen proposamena, kostuen gaineko hipotesia baino".