Politika
Polizia operazioa
Jacan atxilotutako ETAko ustezko kidearen etxea miatu dute
Erredakzioa
Ertzaintzak beste bi pertsona atxilotu ditu astearte honetan, joan den astean Ondarroan ETAren aurka abiatutako operazioaren baitan.
Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak miatu egin dute Jacan (Huesca) Igor Miño atzo atxilotutako ETAko ustezko kidearen etxea. Agenteak sei orduz izan dira etxebizitzaren barruan, Miñorekin berarekin batera.
Operazio beraren baitan, Ertzaintzak Olaitz Lema Zabala ere atzeman zuen atzo Berriatun (Bizkaia). Joan den astean Ondarroan ETAren aurka hasitako operazioaren harira etorri dira atzoko atxiloketak.
Jacako atxiloketa, gainera, Ertzaintzak Euskaditik kanpo egindako lehena izan da. Operazioa, baina, Espainiako Poliziarekin lankidetzan gauzatu du.
Guztira bederatzi dira jada joan den astetik Ertzaintzak atxilotutakoak.
Hain zuzen ere, joan den astean desegindako taldeari laguntzea egotzi diete Igor Martini eta Olaitz Lemari. Ustez, ETAko talde handiagoei laguntza ematen zion taldea osatzen zuten guztiek, Ibon Iparragirre Burgoa buruzagi zutela.
Era berean, AHTren obretako makineriaren, Azpeitiko (Gipuzkoa) errepikagailu baten eta 2008ko irailaren 21ean Ondarroako Ertzaintzaren polizia-etxearen kontra egindako erasoetan parte hartzea egotzi diete horietako batzuei.
Gainera, 2008ko apirilaren 20an talde horretako kideek ustez hiru kiloko lehergailu bat jarri zuten Elgoibarreko (Gipuzkoa) herriko etxean. Hernanin (Gipuzkoa), AHTko lanen bi indusmakinen aurka eraso egitea egotzi diete 2008ko maiatzaren 12an.