Politika
Elkarrizketa Radio Euskadin
Bi atxilotuek "espetxean amaituko dute", Aresen hitzetan
Erredakzioa
Ertzaintzak "terrorismoari aurre egiteko eta Estatuko beste segurtasun indarrekin lan egiteko duen gaitasuna" argi geratu dela esan du Herrizaingo sailburuak.
Igor Martin Miño eta Olaitz Lema Zabala atxilotzeagatik Ertzaintza zoriondu du gaur Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Eskura duen informazioaren arabera, "dirudienez hauek ere espetxean amaituko" dutela esan du, "Justiziaren aurrean egindako krimenengatik erantzuteko".
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, azken egun hauetan Ertzaintzak egindako ekintzek emaitza "oso positiboak" utzi dituztela azpimarratu du Aresek: ETAko ustezko zazpi kide kartzelan epailearen aginduz, eta beste bi atxilotu.
"Ongi egindako lan" batengatik Ertzaintza zoriondu ostean, "terrorismoari aurre egiteko eta Estatuko beste segurtasun indarrekin lan egiteko duen gaitasuna" argi geratu dela esan du Herrizaingo sailburuak. Izan ere, azken kasu honetan, Polizia Nazionalaren laguntza jaso du, Jacan (Huesca), Martin Miñoren atxiloketan parte hartzeko.
"Epaileak hala erabaki zuen, terroristak jazarriz Euskaditik at ekin ahal izatea, Ertzaintzak egindako ikerketaren fruitu zelako", azaldu du.
Ertzaintzaren lana Euskaditik kanpo
"Duela denbora asko" Ertzaintzak Euskaditik kanpo ekintzaren bat egin zuela gogorarazi du Herrizaingo sailburuak, eta sailburu gisa "Ertzaintzak Euskaditik at lan egiteko baldintza onenak izan ditzan prozedura guztiak bilatu nahi izan" dituela nabarmendu du, "Estatuko beste segurtasun indarrekin elkarlanean".
Aresen arabera, Ertzaintzak ETAko kideak diren tokira ikerketa bideratu ahal izatea "oso garrantzitsua" da, horregatik etorkizunean egiten jarraitu ahal izateko prozedurak bilatzen jarraituko du.