Itxi

Politika

ETAren kontrako operazioa

Beste bi pertsona atxilotu dituzte Ondarroako operazioarekin lotuta

Erredakzioa

Atxilotuak Igor Martin Niño eta Olaitz Lema Zabala dira. Lehenengoa Jacan atzeman dute, eta bigarrena Berriatuan. Horrela, dagoeneko bederatzi lagun atxilotu dituzte operazioan.

Beste bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak arratsaldean, bat Jacan (Huesca) eta bestea Berriatuan (Bizkaia), iragan astean Bizkaian eta Gipuzkoan desegindako ETAko ''legalen'' (Poliziak fitxatu gabekoak) taldearekin lotuta. Atxilotuak Igor Martin Niño eta Olaitz Lema Zabala dira, ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez.

Iturri berdinek azaldu dutenez, biak Ondarroako (Bizkaia) bizilagunak dira, iragan astean atxilotutako zazpi lagunetako bost bezala. Horrela, dagoeneko bederatzi lagun atxilotu dituzte operazio honetan. Zazpi jadanik espetxera bidali ditu Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.

31 urteko Igor Martin Miño Jacan duen etxebizitzan atxilotu du Ertzaintzak, baina Polizia Nazionaleko kideek lagunduta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Atxilotuaren etxebizitza miatu egin dute.

27 urteko Olaitz Lema Zabala Berriatuako industrialde batean lanetik ateratzen ari zenean atxilotu dute. Bi atxiloketak aldi berean egin dituzte.

Bi atxilotuak Poliziaren egoitzara eramango dituzte izapideak hasteko eta ondoren Auzitegi Nazionalaren esku uzteko.

Lankidetza

Hain zuzen ere, talde horri laguntzea egotzi diete Igor Martini eta Olaitz Lemari. Ustez, ETAko talde handiagoei laguntza ematen zion taldea osatzen zuten guztiek, Ibon Iparragirre Burgoa buruzagi zutela.

Era berean, AHTren obretako makineriaren, Azpeitiko (Gipuzkoa) errepikagailu baten eta 2008ko irailaren 21ean Ondarroako Ertzaintzaren polizia-etxearen kontra egindako erasoetan parte hartzea egotzi diete horietako batzuei.

Gainera, 2008ko apirilaren 20an talde horretako kideek ustez hiru kiloko lehergailu bat jarri zuten Elgoibarreko (Gipuzkoa) herriko etxean. Hernanin (Gipuzkoa), AHTko lanen bi indusmakinen aurka eraso egitea egotzi diete 2008ko maiatzaren 12an.

Etxaburu dinamizatzailea

Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, Aitzol Etxaburu ETAko hornikuntza taldeko kidea ''legalen'' talde honetako dinamizatzailea zen. Etxaburu 2009ko abuztuaren 19an atxilotu zuten Alberto Machacain eta Andoni Sarasolarekin batera.

Ares

Atxiloketengatik Ertzaintza zoriondu du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Eskura duen informazioaren arabera, "dirudienez hauek ere espetxean amaituko" dutela esan du, "Justiziaren aurrean egindako krimenengatik erantzuteko".