Ekonomia
Langabeziak, gora
Lau milioi pertsona baino gehiago langabezian
Erredakzioa
Urtarrilean, 124.890 pertsona geratu dira lan gabe, hau da, abenduan baino %3,1 gehiago. EAEn, 7.486 pertsonak galdu dute lanpostua, eta guztira 135.687 daude jada langabezian.
Espainiako enplegu zerbitzuetan (INEM) erroldatutako langabeen kopurua %3,1 hazi da urtarrilean, abenduko datuekin alderatuta. Hots, hilabete batetik bestera 124.890 pertsona geratu dira lan barik, eta ondorioz, guztira lau milioi pertsona baino gehiago dauden une honetan langabezian, Espainiako Gobernuaren Lan Ministerioak informatu duenez.
Hain zuzen ere, 4.048.493 langabe zeuden urtarrilean, 1996tik hona inoiz izan den kopururik handiena.
Langabeziaren hazkundea iaz hilabete berean izandakoa baino txikiagoa izan da, 198.838 pertsona geratu baitziren orduan lan barik. Nolanahi ere, Espainiak sei hilabete daramatza segidan langabeen kopurua handitzen.
Azken 12 hilabeteetan, 720.692 pertsonak galdu dute lanpostua (%21,6). Horietako 386.972 gizonezkoak dira, eta gainerako 333.720ak, emakumezkoak.
Maravillas Rojo Enplegu idazkari nagusiak azaldu duenez, urtarrila "hilabete txarra" izaten da enpleguarentzat, izan ere, "hazkunde ekonomiko garaietan ere" gora egiten du hilabete honetan.
EAEko eta Nafarroako datuak
Euskadin, 7.486 pertsona geratu dira langabezian urtarrilean. Horrenbestez, 135.687 dira jada lan gabe daudenak.
Hain zuzen ere, langabezia tasa %5,84 hazi da urtarrilean aurreko hilabetearekin alderatuta. Iazko urtarrilarekin konparatuta, aldiz, hazkundea %23,25ekoa izan da.
Nafarroan, 2.625 pertsona geratu dira langabezian, hau da, abenduan baino %6,46 gehiago. Guztira 43.278 daude lan bila Foru Erkidegoan.