Itxi

Mundua

AEB

Obama ez da Espainiara joango EB-AEB goi-bileran parte hartzeko

Redacción

Bestalde, AEBetako presidenteak aurrekontuak aurkeztu ditu, eta inoizko defizit handiena izango dute.

2011 urte fiskalerako aurrekontua aurkeztu du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak. Aurrekontua 3,8 bilioi dolarrekoa izango da eta defizita ia 1,3 bilioi dolarrekoa izatea espero dute, nahiz eta programa batzuk bertan behera utzi defizita bere horretan uzteko.

Hala ere, Etxe Zuriak azaldu duenez, defizita Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 8,3 izango da, 2010ean izango dutena baino txikiagoa, ia 1,6 bilioi dolar (BPGren % 10,6).

2011n Gobernuaren lehentasuna lanpostuak sortzea izango bada ere, herrialdea "erantzukizun fiskalaren" bidean jarriko duten "erabaki zailak" hartuko dituela azpimarratu du Presidentetzak.

Azken 25 urteetako langabeziarik handiena (% 10) duen lan-merkatua suspertzeko 2011ko aurrekontuek inbertsio "kritikoak" aurrikusten dituzte hezkuntzan, energia berriztagarrietan, azpiegituretan eta berrikuntzan.

Ez da Espainiara etorriko

Bestalde, Obama ez da Espainiara etorriko Europar Batasuna-AEB urteroko goi-bileran parte hartzeko, AEBetako Gobernuak gaur jakinarazi duenez. Bilera maiatzean egingo dute Madrilen.

"Obamak ez du sekula bere egitasmoetan izan Europar Batasunarekin udaberrian bilera egitea", azaldu du Phillip Gordon Europarako estatu-idazkariak, kazetari atzerritarrekin egindako prentsaurrekoan.

Guantanamo

Justizia Departamentuak Guantanamoko presoak lekualdatzeko, atxilotzeko eta auzipetzeko 2011ko aurrekontuetan 73 milioi dolar eskatu ditu Obamak.

Preso batzuen kontrako epaiketak non egingo dituzten ez du argitu Obamak, Irailaren 11ko ''buruzagia''rena barne.

Illinoisen espetxe bat hartzea nahi du Justizia Departamentuak Guantanamoko bertan preso batzuk sartzeko. Etxe Zuriko aurrekontuko zuzendariaren arabera, Thomsongo kartzela erreformatzeko eta hartzeko 270 milioi dolar aurrikusten ditu aurrekontuak, bertan ustezko terroristak sartzeko.

Ilargira joateko ez dago aurrekonturik

Ilargira misioak bidaltzeko NASAk zituen fondoak bukatutzat jo ditu Obamak aurkeztutako aurrekontu egitasmoak. 2020an Ilargira itzultzeko Konstelazio programa bertan behera geratzea dakar horrek. Programa hori George W. Bushen administrazioak bultzatu zuen. Aurrerantzean garraio espaziala enpresa pribatuek finantzatuko dute.

Aurrekontuak bost urtetan 6.000 milioi dolar inbertitzea aurrikusten du, ostera, astronautak orbitara eramateko espazio-ontzi pribatu bat garatzeko.

Ekimen berriak 1.700 lanpostu sortzea espero du Gobernuak, Floridan Transbordadoreen programa amaitzeak 7.000 lanpostu deuseztatuko baititu, datorren urtean.