Itxi

Politika

Bilerak Batasunarekin

Gorenak dio ezin dela elkarrizketa politikoa "kriminalizatu"

Erredakzioa

Auzitegi Gorenak artxibatu egin zuen Ibarretxeren eta Patxi Lopezen aurkako epaiketa, Batasunarekin biltzeko debeku zehatzik ez zegoela argudiatuta.

Auzitegi Gorenak mugak jarri dizkio Gobernuaren jarduera politikoaren gaineko jurisdikzioari eta printzipioz, kereila kriminalen bitartez, ezin dira kriminalizatu "bizikidetza hobea lortzea helburu duten elkarrizketarako jarrerak".

Hala adierazi du Auzitegi Gorenak gaur argitaratu duen ebazpen osoan. Bertan, artxibatu egin dute Patxi Lopez lehendakariaren, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren eta ezker abertzaleko beste bost buruzagiren (Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Pernando Barrena, Juan Jose Petrikorena eta Olatz Dañobeitia) kontrako desobedientzia akusazioa. ETAk 2006an su-etena eman zuenean Batasunarekin biltzeagatik ireki zen prozesua.

Ebazpenaren (urtarrilaren 13an aurreratu zuten) oinarri juridikoetan, Gorenak berretsi du euskal politikariei leporatutakoa ez dela delitua "ez dagoelako agindu zehatz bat desobeditua izateko".

''Zapatero auzia''

Horren harira, Gorenak 2007ko otsailean emandako ebazpenarekiko dagoen antzekotasuna ezartzen du. Orduan, Manos Limpiasek Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuburuari kereila jarri zion ETArekin biltzeagatik baina Gorenak artxibatu egin zuen epaiketa.

Horrela, Gorenak, Andres Martinez Arrieta buru izan duen epaian, zigor jurisdikzioaren mugak berretsi ditu "demokratikoki aukeratutako gobernuaren jarduera politikoari dagokionez eta eman dizkioten gaitasun politikoen alorrean, printzipioz, ezin dira bizikidetza hobea lortzea helburu duten elkarrizketarako jarrerak kriminalizatu".

Hala pentsatu zuen baita EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ere auzia epaitu zuenean. Izan ere, auzipetuek ez zutela akusatuen aulkitxoan eseri behar ebatzi zuen, "eragin politiko eta mediatikoa" zuen auzia zelako.

Herri-ekimena

Juan Saavedrak, Andres Martinez Arrietak, Julian Sanchez Melgarrek, Jose Manuel Mazak eta Alberto Jorge Barreirok osatutako Auzitegiak kontuan izan zituen Ermua Foroa eta Dignidad y Justicia elkarteen helegitea ahozko epaiketa irekitzeko zilegitasuna dutelakoan, Fiskaltzaren akusazioa beharrezkotzat jo gabe.

Gorenak ''Atutxa dotrina'' ezarri du horrela, herri-akusazioa, fiskalik gabe ere, nahikoa dela iritzita, desobedientzia delituak ez baitu kaltetu zuzen bat izatea exigitzen.

''Atutxa dotrina''

Dotrina hori 2008ko urtarrilean ezarri zuen Auzitegi Gorenak, Manos Limpias Sindikatuak Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knorr Legebiltzarreko Mahaiko kideen kontra jarri zuen salaketari jaramon egin eta desobedientzagatik (Sozialista Abertzaleaken talde parlamentarioa ez desegiteagatik) zigortu zituen.

Baina dotrina hori ''Botin dotrina''n ezarritakoaren kontra doa. Orduan, 2007ko amaieran, absolbitu egin zuten bankaria herri-akusazioa ahozko epaiketa irekitzeko nahikoa ez zelakoan.