Politika
Polizia operazioa
Ertzaintzak hiru ezkutaleku topatu ditu Ondarroan
Erredakzioa
Agenteek lehergaiak zituen ezkutaleku bat atzeman zuten atzo, eta beste bi pertsona atxilotu zituzten operazioaren baitan. Larunbatean eramango dituzte Auzitegi Nazionalera asteartean atxilotutakoak.
Joan den asteartean Ertzaintzak atxilo hartutako bost lagunak (Ibon Iparragirre, Jabier Zubizarreta, Jon Iñaki Esnaola, Xeber Uribe eta Asier Badiola), larunbat honetan eramango dituzte Auzitegi Nazionalera.
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, ETAren kontrako operazio honetan guztira hiru ezkutaleku topatu dituzte; atzo bat topatu zuten eta gaur goizean beste bi. Guztiak Ondarroako mendialde batean azaldu dira.
Gaur aurkitutako bi zuloetan lehergailuak egiteko materiala atzeman du Ertzaintzak. Atzo topatutako zuloan, berriz, lehergaiak, hari detonatzailea, aluminiozko hautsa, aluminio-nitratoa eta nitrometanoa.
Elementu horiek, batez ere azkena, lehergailuen indarra areagotzeko erabili izan du ETAk.
Arestian aipatutako lagunez gain, atzo beste bi pertsona atxilotu zituzten Ondarroan: Zunbeltz Bedialauneta eta Urtza Alkorta.