Itxi

Gizartea

Ezbeharra

Larunbatean egingo dituzte bi mendizaleen hiletak, Santutxun

Erredakzioa

Autopsiaren arabera, bi gazteak tenperatura baxuen ondorioz hil ziren. Gainera, izotzean eskalatzen ari zirela elur-jauzia jazotzean egin zituzten zauriek egoera larriagotu zuten.

Larunbatean egingo dituzte, Santutxun (Bilbon) Palentzian hil ziren bi mendizale bilbotarren hiletak. Gorpuak gaur erraustu dituzte.

Autopsiaren arabera, Juanjo eta Daniel Rodrigo anaiak hipotermiaz hil ziren atzo, Palentzian.

Palentziako probintzian dagoen Curavacas mendian hilik aurkitu zituzten 35 urteko Juan Jose Rodrigo Prieto eta 26 urteko Daniel Rodrigo Prieto Bilboko bi anaien gorpuek traumatismoak zituzten eta tenperatura oso baxuak.

Autopsiak Cervera de Pisuergan egin ziren atzo, eta adituen arabera, bi mendizaleak –7 eta –12 gradu bitarteko tenperaturen ondorioz hil ziren. Gainera, izotzean eskalatzen ari zirela elur-jauzia jazotzean egin zituzten zauriek egoera larriagotu zuten.

Iturri berdinek adierazi dutenez, gazteek eskalatzeko arropa aproposa zeramaten, ez ordea, mendian gaua pasatzeko.

Familiak eskatuta, gorpuak Burgosen erraustuko dituzte gaur.

Curavacas tontorrean zauritu ziren bi mendizaleen erreskate lanetan Guardia Zibila eta Gaztela eta Leongo erreskate-taldeak aritu dira.

Palentziako mendi-taldeen iturriek jakitera eman dutenez, bi anaiak oso ezagunak ziren Cervera de Pisuergan eta ingurunea oso ondo ezagutzen zuten.