Politika
Auzitegi Nazionala
Otegiren aurkako epaiketa atzeratu egin dute itzulpen akatsengatik
Erredakzioa
'Gatza'ri egin zioten omenaldian Otegik esan zituen hitzak ez dituztelako ulertzen epaiketa bihar arte eten egin dute. Goirizelaiak ez du ulertzen zergatik ez duten itzulpena egin bost urte hauetan.
Arnaldo Otegiren aurkako epaiketa eten egin dute gaur eguerdian, ''Gatza'' presoari egindako omenaldian (2005ean) ezker abertzaleko ordezkari ohiak esan zituen hitzak "ez ditugulako ulertzen". "Argi dago Sala honek ez duela txintik ere ulertu", nabarmendu du Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaileak. Ondorioz, Otegiren hitz horiek itzultzen dituzten bitartean, saioa bertan behera uztea erabaki du.
Defentsaren ustez, itzulpen hori ahozko epaiketan egitea "bidegabea" da. Gaineratu dutenez, arraroa da "bost urtetan" itzulpena egiteko denborarik ez izatea. "Hitz horiek erabili dituzte akusazioa egiteko, eta orain ez dituztela ulertzen esaten digute", azpimarratu du Otegiren abokatuak.
Goirizelaiak esandakoaren arabera, "baldintzak betetzen ez dituen pertsona batek egin du" gaurko itzulpena. "Garrantzitsuena zer esan zuen jakitea da, eta ez hitz horiek nola interpretatu".
Teresa Palacio epaileak Otegiri berari proposatu dio bere hitzen itzulpena egitea, baina Salako presidenteak saioa bihar arte atzeratzea erabaki du; horrela, defentsak hautazko itzulpena egiteko astia izango du.
Aukera hori ez abokatuen gustukoa izan; izan ere, astirik ez dutela izango argudiatu dute, eta epaileak erantzun die: "Kixotea balitz... Baina zatitxo bat besterik ez da!".
Biharko saioa publikorik gabe egingo dute; izan ere, gaur jendea animatzen egon da Arnaldo Otegi, eta horren ondorioz, Murillok errieta egin die eta bihar publikorik ez dela egongo esan du.
Gaurko saioa
Jone Goirizelaiak, Otegiren abokatuak, Dignidad y Justicia eta AVTk egin duten eskaera (Otegiren hitzak itzultzea) salatu egin du.
"Beno, goazen hitz horiek itzultzera, eta ikusiko dugu gero zer egin", erantzun dio epaileak.
Otegik omenaldian esan zituenak entzun aurretik, ''Gatza''ren omenaldiari buruzko bideo bat ikusi dute Auzitegi Nazionalean, epaiketa egiten ari diren Aretoan.
Txalaparta, dantzariak eta bertsolariak atera ziren omenaldiaren hasieran, Batasunako buru ohiaren hitzak entzun aurretik. Horrez gain, zenbait ume agertokira igo ziren, presoak daramatzan kartzela urteak azaltzen zituzten kartel batzuekin.
Une horretan, epaileak irudiak gelditzeko eskatu du, eta itzultzaileari umeen karteletan agertzen ziren hitzak itzultzeko eskatu dio. Itzultzailearen esanetan, "25 urte kartzelan, 25 urte borrokan. Gatza aska ezazue" jartzen zuen kartel horietan.
Honen aurrean, defentsak bere protesta azaldu du, itzulpena zuzena ez zela esanez. Murillok abokatuei hitzak itzultzeko eskatu die, baina "hori defentsaren lana ez dela" erantzun diote.
Azkenik, itzultzaileak bere itzulpenaren zatia aldatu du, eta "Askatasuna Gatzarentzat" jartzen zuela adierazi du. Defentsa ados agertu da itzulpen berriarekin, eta itzultzaileak "barkamena" eskatu die abokatuei. Ondoren, epaileak zera esan du: "Zuk ez diozu inori barkamena eskatu behar".