Reala
Adelante Liga
Reala-Las Palmas: Zubikarai, jokatzeko prest
Ander Altuna
Zubieta
Atezainak dio denboraldia hasiz geroztik bere txanda noiz iritsiko zain zegoela. Itxura guztien arabera, hasieratik arituko da Las Palmasen kontra estrainekoz.
Lehenbiziko minutuak jokatu zituen ondarrutarrak Elxen aurka. Atezainen gaia korapilatsua izan da hasiera-hasieratik eta hein handi batean kaltetuena bera izan da. Bravo izan ez den bakoitzean Riesgoren aldeko apustua egin izan du Lasartek. Dena den, debarra talde utzi asmotan dabilenez, deialdietatik kanpo geratu da azken hilabetean eta horregatik egokitu zitzaion berdegunera irtetea. Horregatik, era berean, Zubikaraik ez jokatzea harrigarria litzatekeen. “Ez dago neure esku. Ni prest nago uneoro, denboraldia hasiz geroztik. Egunero etortzen naiz entrenatzera eta jokatzeko irrikaz nago », nabarmendu du 13 zenbakiak Zubietan. Ez ditu une gozoak bizi izan. Hala ere, Loren kirol zuzendariak behin eta berriz babestu du prentsa aretoan. "Horrek lasaitzen zaitu, baina ez zaude komentario horien zain. Egunerakotasunean kokatzen zara eta kito".
Beste alde batetik, Carlos Bueno aurrelaria ez dator bat jaso dituen kritikekin. "Ez nintzen gaizki aritu. Gol aukera gehienetan parte hartu nuen eta erritmo handiko neurketa izan arren eutsi egin nion". Aldez aurretik erabakita zegoen penaltia nork jaurtiko zuen: "Entrenatzailearen agindua izan zen eta berriz jaurtitzeko prest nago". Hedabideen tratuaz kexu agertu da. "Amorrazioz esaten direnak min ematen didate. Badakit taldea utzi arte kontra izango ditudala, baina taldekideen babes oso daukat eta horrek balio dit".
Entrenamenduari dagokionez, ateak itxita osatu dute saioa txuri-urdinek. Nsue eta Zurutuza ez dira gainerakoen erritmo berean aritu, baina larunbaterako osatzea espero da.