Politika
Polemika
Ika-mikan ez egoteko eskatu die Basagoitik EAJri eta PSEri
Erredakzioa
Une honetan "terrorista batzuk atxilotu dituztela" dela inportanteena esan du EAEko PPko presidenteak.
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak esan du EAJk eta PSE-EEk ez luketela ika-mikan egon beharko Ertzaintzaren jardunaz, orain inportanteena "terrorista batzuk atxilotu dituztela" baita.
Europa Pressen egindako adierazpenetan, buruzagi ''popularrak'' Ertzaintzak ETAren aurka egindako operazioaren ostean bi alderdien artean piztu den polemika hizpide hartu du Basagoitik. Izan ere, EAJ Gobernuan zegoenean Ertzaintzak ETAren aurka egindako ahaleginak zalantzan jarri zituen atzo Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistak.
Horren ildotik, Urkulluk eta Lopezek ostiralean bilera badute ere, Basagoitik adierazi du "inportanteena" ez direla "bilerak, polemikak eta eztabaidaik", baizik eta "terrorista batzuk" atxilotu dituztela eta, beraz, "baketik eta askatasunik" gertuago dagoela Euskadi, "jende gutxiago baitago bonbak jartzeko eta hiltzeko".
"Uste dut ez luketela ika-mikan egon beharko, PSEren eta haren Gobernuaren ardura terroristak atxilotzen jarraitzea baita, eta ondoren herritarrek baloratu behar dute zer ez zen egiten lehen eta zer egiten den orain", nabarmendu du.
Halaber, EAJk ere ez dela eztabaidan sartu behar iritzi dio: "Terroristak atxilotzeagatik pozten bada, txalo dezala eta kito".