Itxi

Politika

Polizia-operazioa

Arriolak Ertzaintzaren lana "polemikarekin ez zikintzea" eskatu du

Erredakzioa

Jose Antonio Pastor sozializtak zalantzan jarri ditu Ibarretxe lehendakariaren garaian Ertzaintzak ETAren aurka egindako ahaleginak, eta EAJk gogorarazi du atzoko operazioa garai hartan hasi zutela.

Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzaren Garraio, Etxebizitza eta Herri Lanen sailburuak eskatu du "polemikarekin ez zikintzea" ETAren kontra Ertzaintzak egin duen operazioa eta "terrorismoaren aurka denon batasuna" aldarrikatu du.

EAJren eta PSE-EEren arteko tentsioa handitu egin da atzo Ertzaintzak ETAren aurka egindako operazioaren ondorioz, Iñigo Urkullu buruzagi jeltzalearen eta Patxi Lopez lehendakariaren arteko bileraren atarian, hain zuzen ere.

ETBri eskainitako elkarrizketa batean, buruzagi sozialistak uste du Jose Antonio Pastorren "salaketa" ez zela "Ertzaintzari zuzendutakoa, atzetik zegoen Zuzendaritza politikoari zuzendutakoa baizik". Iraganak egungo egoeran horrenbesteko eraginik ez duela izan ohartarazi ostean, Arriolak esan du atzo "frogatu" zela "Patxi Lopezen Jaurlaritzak, eta Herrizaingo Sailak, Ertzaintzak terrorismoaren eta ETAren kontra borroka egiteko borondate irmoa".

Era berean, "borondateak epaitzea oso zaila" dela onartu du. "Beti esan izan dut nire Sailean kudeaketa onena egiteko borondate izugarria dudala, baina ez naute nire borondateagatik epaituko, nire emaitzengatik edo eraginkortasunagatik baizik. Hori horrela gertatzen da sail guztietan", Arriolaren esanetan.

Polemika horrek datorren ostiralean Iñigo Urkulluk eta lehendakariak egiteko asmoa duten bilerari kalte egingo ote dion galdetuta, Arriolak esan du "positiboa eta komenigarria" dela bilera eta "herritarrak kezkatzen dituzten gaiei buruz hitz egitea".

Hori horrela, "haurren jolasa" iruditzen zaio "batek hau esan du, besteak hori" bezalako "gerretan sartzea".

"Ikuspuntu zabalagoa" eduki behar dela azpimarratu ostean, lehenik Ertzaintza "zoriondu" behar dela esan du eta haren lan "bikaina" ez dadila "polemikaz kutsatu".

Atxilotutakoak, polizia-etxean

Bien bitartean, bost atxilotuak Gasteizko Ertzain-etxean daude oraindik.

EAEko Polizia Autonomikoak Lege Antiterrorista ezarri die, eta beraz, inkomunikatuta dauzkate, Madrilen epailearen esku utzi arte.

Ertzainek zortzi miaketa egin zituzten atzo, eta horietan pistola bat eta kilo erdi lehergai atzeman zituzten, ikerketaren iturriak aipatuta Europa Pressek informatu duenez.

Hain zuzen ere, bost atxilotuak hauek dira: Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Xeber Uribe, Jabier Zubizarreta eta Jon Iñaki Esnaola; denak 29 eta 40 urte artekoak.

Lehenengo hirurei, ''legalen'' (Poliziak fitxatu gabekoak) talde bat osatzea egozten diete. Zubizarretari eta Esnaolari, aldiz, ETAri lagundu izana.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak hiru atentatutan parte hartzea leporatu die. Horien artean larriena, 2008ko irailaren 21ean Ondarroako Ertzain-etxearen aurka egindakoa. Egun horretan, ETAk 100 kilo lehergai zituen auto bat leherrarazi zuen, eta 11 pertsona zauritu ziren, tartean hiru ertzain.

Beste bi erasoak Azpeitiko telebista errepikagailu baten eta Abiadura Handiko Trenaren obra batzuen aurka izan ziren.

Atzo, Herrizaingo Sailak operazioaren bideoa publikatu zuen.