Politika
Auzitegi Nazionala
Otegi: "Gatazka modu baketsuan konpontzeko agerraldia izan zen"
Erredakzioa
Joan den astelehenetik gose-greban dagoen Arnaldo Otegik ukatu egin du Amorebietan egindako ekitaldian terrorismoa goratu zuela. Jon Enparantza eta Estanis Etxaburu ez dira Auzitegi Nazionalera joan.
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiari ETAren indarkeria gaitzesten duen galdetu diote berriro Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan, honek euskal gatazka "modu baketsuan" konpontzearen alde dagoela esan eta gero, eta uko egin dio erantzuteari.
Angela Murillok Otegiri egin dion azken galdera ondokoa izan da: "ETAren indarkeria gaitzesten duzu?". Otegi: "Ez dut galdera hori erantzungo".
Galdeketan, ezker abertzaleko ordezkariak esan du "inondik inora ere" ez zuela egin "indarkeria bidezko konponbidearen aldeko apologia" 2005eko uztailean Jose Mari Sagardui ''Gatza''ren aldeko ekitaldian hitza hartu zuenean. Alderantziz, "bai orduan bai orain konponbide baketsuaren aldeko apologia egiten dut", azpimarratu du.
Horrez gain, "indarrak" dituen bitartean edo "bizirik" dagoen bitartean ezker abertzalearen baitan lanean jarraituko duela esan du, euskal gizartearen gehiengoak "bere nortasun nazionala" aitortzea nahi duela. Ildo horretan, autodeterminazioaren alde egin du eta erreferendum bat egitea eskatu du.
"Berdintasunean jokatzea baino ez dut eskatzen. Euskal herritarrek Espainiako parte izaten jarraitzea erabakitzen badute, ezker abertzaleak errespetatu egingo du. Horregatik gureganako ere tratu bera eskatzen dugu", azaldu du.
Otegi gose-greban
Bestalde, Arnaldo Otegi gose-greban dago joan den astelehena ezkero, euskal presoen kolektiboak kartzela-politika salatzeko urtarrilean hasi zuten protestaldiaren baitan.
Jone Goirizelaia abokatuak Otegiri ura ekar liezaioketen galdetu dio Angela Murillo epaileari, astelehenetik baraualdian dagoela argudiatuta. Epaileak orduan ondokoa erantzun du: "Nigatik ardoa edan nahi badu ere...".
Enparantza eta Etxaburu atxilotzeko agindua
Auzitegi Nazionalak Jon Enparantza eta Estanis Etxaburu bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du, Jose Mari Sagardui ''Gatza''ren omenaldian parte hartu zutelako gaur hasi den epaiketara agertu ez direlako.
Auzi horretan Arnaldo Otegi, Itziar Galardi eta Josune Irakulis ere daude auzipetuta, baina azken hauek epailearen aurrean azaldu dira.
2005eko uztailean Amorebieta-Etxanon ''Gatza''ren askatasuna eskatzeko egin zen ekitaldi politikoan parte hartzeagatik "terrorismoa goratzea" leporatzen diete guztiei.
Enparantzak eta Etxaburuk prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Auzitegi Nazionalera "borondatez" joango ez zirela iragartzeko.
Enparatzak salatu zuenez, epaiketa honekin presoenganako "elkartasuna eta maitasuna kriminalizatu nahi dira" eta sakabanaketa-politikaren ondorioz presoek bizi duten "egoera larriaren" salaketa "isilarazi nahi dute".
Etxabururen iritzian, epaiketara joateari uko egitea "erabaki legitimoa da". Horrez gain, euskal gizartearen babesa dutela erantsi zuen.