Itxi

Politika

ETAren aurkako operazioa

Atxilotuetako bat ihes egiten saiatu zen miaketa batean

Erredakzioa

Herrizaingo Sailaren arabera, Ibon Iparragirre bere burua sasi batzuetara botaz saiatu zen ihes egiten, eta ondorioz zauri batzuk egin zituen.

Ibon Iparragirre atzo atxilotutako ETAko ustezko kidea ihes egiten saiatu zen atzo Ertzaintzak egindako miaketa batean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak informatu duenez.

Aipatu iturrien arabera, bere burua sasi batzuetara botaz saiatu zen ihes egiten, eta ondorioz zauri batzuk egin zituen.

Iparragirre beste lau pertsonarekin batera atzeman zuten atzo. Herrizaingo Sailak ''legalen'' (Poliziak fitxatu gabekoak) talde bat osatzea eta hiru atentatutan parte hartzea egozten dio. Atentatuen artean larriena 2008an Ondarroako Ertzain-etxearen aurka egindakoa izan zen.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak agiri batean ziurtatu duenez, Iparragirrek lesioak zituen buruan eta aurpegian, eta konortea ere galdu zuen. Halaber, atxilotuen senideek epailari neurri batzuk eskatu dizkiotela esan du, hots, informatuak egoteko, atxiloaldia grabatzeko eta kofiantzako mediku baten bisita izatea.

Atxilotutakoak, polizia-etxean

Bien bitartean, bost atxilotuak Gasteizko Ertzain-etxean daude oraindik.

EAEko Polizia Autonomikoak Lege Antiterrorista ezarri die, eta beraz, inkomunikatuta dauzkate, Madrilen epailearen esku utzi arte.

Ertzainek zortzi miaketa egin zituzten atzo, eta horietan pistola bat eta kilo erdi lehergai atzeman zituzten, ikerketaren iturriak aipatuta Europa Pressek informatu duenez.

Hain zuzen ere, bost atxilotuak hauek dira: Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Xeber Uribe, Jabier Zubizarreta eta Jon Iñaki Esnaola; denak 29 eta 40 urte artekoak.

Lehenengo hirurei, ''legalen'' (Poliziak fitxatu gabekoak) talde bat osatzea egozten diete. Zubizarretari eta Esnaolari, aldiz, ETAri lagundu izana.