Politika
ETAren aurkako operazioa
Atxiloketek EAJren eta PSEren arteko tentsioa areagotu dute
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor sozializtak zalantzan jarri ditu Ibarretxe lehendakariaren garaian Ertzaintzak ETAren aurka egindako ahaleginak, eta EAJk gogorarazi du atzoko operazioa garai hartan hasi zutela.
EAJren eta PSE-EEren arteko tentsioa handitu egin da atzo Ertzaintzak ETAren aurka egindako operazioaren ondorioz, Iñigo Urkullu buruzagi jeltzalearen eta Patxi Lopez lehendakariaren arteko bileraren atarian, hain zuzen ere.
Jose Antonio Pastor sozialistek Eusko Legebiltzarrean duten bozeramaileak zalantzan jarri zituen atzo Juan Jose Ibarretxe lehendakari zenean Ertzaintzak ETAren aurkako borrokan egindako ahaleginak, eta EAJk "onartezin"tzat jo zituen haren hitzak.
"Zinismo maila horrek muga onargarriak gainditu ditu", nabarmendu zuen alderdi jeltzaleak agiri batean. Halaber, atzoko operazioaren ikerketa bere Gobernuaren garaian hasi zela gogorarazi zuen.
Eusko Jaurlaritzak Pastor alderdikidearen hitzak ezeztatu behar izan zituen. Horren ildotik, Idoia Mendia bozeramaileak ziurtatu zuen Exekutibo sozialistak ez duela inoiz zalantzan jarri Ertzaintzaren konpromisoa, "ez atzo, ez gaur, ez bihar".
Ondoren, Jaurlaritzak agiri bat publikatu zuen, ETAren aurkako borroka ez duela "liskargai" bihurtuko ohartarazteko.
Atxilotutakoak, polizia-etxean
Bien bitartean, bost atxilotuak Gasteizko Ertzain-etxean daude oraindik.
EAEko Polizia Autonomikoak Lege Antiterrorista ezarri die, eta beraz, inkomunikatuta dauzkate, Madrilen epailearen esku utzi arte.
Ertzainek zortzi miaketa egin zituzten atzo, eta horietan pistola bat eta kilo erdi lehergai atzeman zituzten, ikerketaren iturriak aipatuta Europa Pressek informatu duenez.
Hain zuzen ere, bost atxilotuak hauek dira: Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Xeber Uribe, Jabier Zubizarreta eta Jon Iñaki Esnaola; denak 29 eta 40 urte artekoak.
Lehenengo hirurei, ''legalen'' (Poliziak fitxatu gabekoak) talde bat osatzea egozten diete. Zubizarretari eta Esnaolari, aldiz, ETAri lagundu izana.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak hiru atentatutan parte hartzea leporatu die. Horien artean larriena, 2008ko irailaren 21ean Ondarroako Ertzain-etxearen aurka egindakoa. Egun horretan, ETAk 100 kilo lehergai zituen auto bat leherrarazi zuen, eta 11 pertsona zauritu ziren, tartean hiru ertzain.
Beste bi erasoak Azpeitiko telebista errepikagailu baten eta Abiadura Handiko Trenaren obra batzuen aurka izan ziren.
Atzo, Herrizaingo Sailak operazioaren bideoa publikatu zuen.