Politika
Ostiraleko bilerari begira
"Jaurlaritzak ez du ETAren aurkako borroka liskargai bihurtuko"
Erredakzioa
EAJk Patxi Lopez lehendakariari Iñigo Urkullu EAJren EBBren presidentearekin biltzeko duen hitzordurako "benetako borondatearen" gaineko azalpen publikoa egiteko deia luzatu dio.
"Eusko Jaurlaritzak ez du inoiz terrorismoaren aurkako borroka liskar bihurtuko", azaldu du Gasteizko Presidentziak.
Jeltzaleek agiri batean zabaldu dutenez, Jose Antonio Pastor legebiltzarreko talde sozialistaren bozeramailearen adierazpenak onartezintzat jo dituzte; Ertzaintzak ETAren kontrako borrokan iraganean gauzatutako "balizko ekimenik ezaren" inguruan egindakoak, alegia.
Jeltzaleek esandakoari erantzun diote Lehendakaritzatik: "Ez dugu gai horren inguruan eztabaidarik sortuko; izan ere, "indar demokratikoen batasuna eta akordioa behar dugu ETAri aurre egiteko".
Datorren ostiralean lehendakaria Iñigo Urkullurekin bilduko da eta lehendakariaren borondateari buruz eskatutako azalpenari erantzunez, Gasteiztik errepikatu dute "akordioak lortzeko borondatearekin doazela".