Itxi

Athletic Club

Larunbatean, 18:00etan

Espanyol-Athletic: Argi gorria defentsaren erdialdean

Haritz Gallastegi

Lezama

Ustaritz taldetik kanpo entrenatu da gaur. Abadiñoarra da San Joseren partez aritzeko hautagai nagusia.

Mikel San Jose indar handiz agertu da Athleticen. Atarrabiakoak lan ona egin du jokatzeko aukera eman dioten bakoitzean eta kendu egin dio lekua hasierako hamaikakoan Ustaritzi. Abadiñokoak ezin esan zorte handirik izan duenik. Lehenengo Ociok itxi zion bidea eta orain San Josek hartu dio aurrea. Baina nafarrak bete beharko duen zigorrak eta arabarraren lesioak Espanyolen kontrako partidan hasieratik aritzeko aukera eman diote.

Baina gaurko lan saioan bere kabuz entrenatu da. Baliteke badaezpada hartutako neurria izatea, baina argi dago memento honetan ez dagoela %100ean. Ikusi egin beharko da larunbaterako bere egoera hobetzen den ala ez. Bestela, Gurpegi edo Santamaria gazteak jokatu beharko lukete Amorebietaren ondoan.

Castillo, berriz, normaltasun osoz entrenatu da eta prest dago taldera bueltatzeko. Muniainek eta Iturraspek ez dute nagusiekin entrenatu. Bihar Barakaldoren kontrako partidan arituko dira Athletic Brekin.

Athleticek Cornellan hasiko du bigarren itzulia. Txapelketaren lehen erdian egindako lan onak baikor izateko arrazoiak eman ditu. Taldearen inguruan Europa dago guztien ahotan. Jokalariek ere badakite lortu daitekeen helburua dela, baina zuhurtziaz jardun dira. "30 puntu puntu asko dira. Hala ere, gure buruan Espanyol mendean hartzea dago. Gero gerokoak", esan du Carlos Gurpegik.