Ekonomia
ELA, CCOO, UGT eta LAB
Jantokietako langileen % 85ek egin dute greba, sindikatuen arabera
Erredakzioa
Sindikatuek uste dute gaurko protesten ondoren "Jaurlaritza lan-hitzarmena negoziatzera eseri beharko litzatekeela: jolasak alde batera utzi eta sektorea serio hartuz".
EAEko kudeaketa zuzeneko eskoletako jantokietan, langileen % 85ek greba egin dute gaur, ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatu deitzaileek jakitera eman dutenez.
Grebaren jarraipena % 90era iritsi da Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 70era Araban, aipatu iturrien arabera.
Jarraipen horrek agerian uzten omen du "langileek lan-hitzarmenaren negoziazio erreal bat nahi dutela, 2008tik geldirik dago eta".
Sindikatuek berretsi dute gaurko grebaren ostean, zortzigarrena lan-gatazka hasi zenetik, sektoreko patronalak "eta Eusko Jaurlaritzak lan-hitzarmena negoziatu beharko luketela: jolasak alde batera utzi eta sektorea serio hartuz".
Azaldu dutenez, "gure helburua negoziazio serio eta erreala lortzea da" eta horretarako "edozein momentutan esertzeko prest gaude, eta Jaurlaritzak eta patronalak sindikatuoi eskatzen diguten ardura, haiek ere izatea espero dugu".
Greba deitu dutenek onartu egin dute protestak familiengan eta eskoletan duten eragina, baina azpimarratu dute "gatazka konpontzeko lehenengo interesatuak" haiek direla, "gure eskubideak eta betebeharrak onartzen dituen lan-hitzarmena lortzeko eta jantokietako zerbitzu hobea eskaintzeko".
Sektoreko langileek kontzentrazioak egin dituzte Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren parean eta Donostiako Boulevarden.
Eskakizunak
Grebarekin, eskolan lan egin baina irakasleak ez direnen soldatarekin parekatzeko soldata % 5 igotzea, txostenak egiteko lan-eguna luzatzea, trebakuntza berezia eta monitore bakoitzak zaindu beharreko haurren kopurua murriztea eskatzen dute.
Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatzen dituen jantokietan deitutako grebak 460 eskolari eta 55.000 ikasleri eragin die.