Ekonomia
Martxoaren 29an
Andalusek monopolioa kendu dio Iberiari Hondarribian
Erredakzioa
Egunero bi hegaldi eskainiko ditu Madrilera eta Bartzelonara. Horri esker merkatu egin daiteke txartelen prezioa, eta Andalusen zerbitzua daukaten 15 aireportuekin loturak egitea ahalbidetuko du.
Andalus konpainia Hondarribiko aireportuan hasiko da lanean martxoaren 29an Madrilera eta Bartzelonara egunero hegaldi bana eskaintzen. Iberiari aireportu gipuzkoarrean duen monopolioa kenduko dio horrela.
Aireko konpainiaren webgunean agertzen denez, Hondarribiatik Bartzelonarako lehenengo hegaldia 12:55ean abiatuko da eta 14:05ean iritsiko da, eta Madrilera 17:35ean abiatuko da beste hegaldia, 18:25ean iristeko.
Barajasetik 10:40ean aterako da hegazkina eta 11:30etan iritsiko. Pratetik, berriz, 16:00etan abiatuko da bat eta 16:55ean iritsiko da Hondarribira.
Aenako iturriek jakinarazi dutenez, Andalus oraindik ez da Hondarribiako aireportuarekin eta Iberiarekin harremanetan jarri. Izan ere, lur hartzeko eta aireratzeko baimenak eskatu behar ditu. Dena dela, Aenak argi adierazi du aireportu gipuzkoarra "prestatuta" dagoela Andalus konpainia jasotzeko.
Hegaldi horiek martxan jartzeak bidaia-txartelak merkatzea ekar lezake eta Andalusen zerbitzua eskaintzen duten 15 aireportuekin loturak egitea ahalbidetuko luke.
Donostiatik Almeriara eta Gibraltarrera bidaia daiteke Madrilen eskala eginda. Bartzelonatik, berriz, aurretik aipatutakoez gain, Nador eta Tanger hiri marokoarretara ere bidaiatu ahal izango da.
Gainera, Andalusek Marraquech, Palma, Girona, Malaga, Menorca, Lisboa eta Casablanca ere baditu bere eskaintzan.
Hondarribian Andalusek 50 plazako hegazkin bat erabiliko du, aireportu hartan erabiltzeko moduko tamaina du eta.
Afodesa Hondarribiako Aireportuaren Sustapenerako eta Garapenerako Elkarteak (enpresa pribatuek osatutakoa) azken hilabeteetan eskatu duena bete du, beraz, Andalusek. Izan ere, beste konpainia batek bertan lan eginda bidaia-txartelak merkatu egingo direla uste du elkarteak.