Gizartea
Bila jarraitzen dute
Hiru lagun desagertu dira helikoptero bat itsasora erorita Almerian
Erredakzioa
Andaluziako probintziako Aireportuaren Itsas Salbamenduko ibilgailua zen. Bertan zihoan beste pertsona bat erreskatatu egin dute eta ospitalean dago hipotermiak jota.
Hiru pertsona desagertu dira Almeriako Aireportuko Itsas Salbamenduko helikoptero bat itsasora erorita, eta bertan zihoan laugarren pertsona bat Torrecardenas ospitalean ingresatu dute "hipotermia gogor batek" jota, osasun-zerbitzuetako iturriek jakitera eman dutenez.
23:00etatik aurrera ere lanean jarraitu dute bilaketa lanetan diharduten helikopteroek eta itsasontziek, baita Itsas Salbamenduko kideek, Guardia Zibilak eta mugetako zaintzako langileek ere. Gau osoan aritu dira bila, baina ez dute emaitzarik lortu.
Jose Blanco Sustapen ministroak ikerketa irekitzeko agindua eman du, istripua zerk eragin duen jakiteko, izan ere, oraindik ez dute argitu gertatu dena. Era berean, Ministerioak desagertuen senideei laguntza eta babesa emateko protokoloa jarri du abian.
112 larrialdi zerbitzuek Almeriako Aireportuko Kontrol Dorrearen abisua jaso zuten atzo 20:30 aldera, hondartzatik 5 bat miliara bengalak ikusi ondoren eta helikopteroaren kontrola, irratiz eta pantailan, galdu eta gero.
Helimer helikopteroan lau lagun zihoazen, eta horietako bat erreskatatu eta ospitalera eraman zuten.
Nevola itsasontziarekin batera maniobrak egitera atera ziren 18:00ak aldera, eta kontrol dorreko teknikariek helikopteroarekin zituzten hartu-emanak eten zirenean, Osasun Zerbitzuei, Poliziari, Guardia Zibilari eta Itsas Salbamenduari abisua pasa zieten.
Argitzeke dauden arrazoiak medio, helikopteroa itsasora erori zen eta ilunpean ikusi ahal izateko gailuak zituzten ibilgailuekin ekin diete bilaketa lanei.