Mundua
Krisi humanitarioa
Haitiko ospitaleetan haurrak bahitu dituztela salatu du Unicefek
Erredakzioa
Bankuak berriro zabaldu dituzte Port-au-Prince hiriburuan, eta haitiarrak dirua jasotzera joan dira. Une honetan, herrialdea berreraikitzen hastea da lehentasuna.
Unicefek salatu duenez,pertsona heldurik gabe zeuden 15 haur bahitu dituzte gutxienez Haitiko ospitaleetan.
"Zoritxarrez, Haitiko hainbat ospitaletan gutxienez 15 haur bahitu dituztela baieztatu ahal izan dugu eta haur-trafikatzaile sare baten lana izan dela uste dugu", adierazi du Jean Claude Legrand Unicefen haurren babeserako aholkulariak prentsaurrekoan.
Bahiketa gehiago izan ote diren galdetuta, nazioarteko funtzionarioak esan du oraingoz aipatu kasuak bakarrik daudela "frogatuta", baina gehiago izango diren beldur direla onartu du.
Hala ere, adin txikikoekin trafikatzen dutenen sareak lurrikararen aurretik ere bazeudela azaldu du.
"Lehen ere bazeuden sareak Haitin eta nahiko aktiboak ziren, haurrak bahitzen zituzten eta adopzioen nazioarteko merkatuan saltzen zituzten. Baina beti gertatzen den moduan, hondamendiak gertatzen direnean, sare horiek Estatuaren eta kontrol-sistemen ahultasuna aprobetxatzen dute", Legranden esanetan.
Hori dela eta, Unicefek alerta mekanismo guztiak abiarazi ditu bahiketak gerta ez daitezen, eta harrera guneak antolatzen ari da heldurik gabe dauden haurrentzat. Legrandek azpimarratu du haur horiek "ez direla umezurtzak".
Unicefek orain arte adin txikikoentzako 20 harrera gune jarri ditu heldurik gabeko haurrentzat eta egunero 2.000 inguru artatzen dituzte, baina helburua 4.000ra iristea da.
Emakumeak, arriskuan
Legrandek salatu duenez, Unicef ez dago haurrengatik soilik kezkatuta, etxeko lanak egiten dituzten neska gazteek ere kezkatzen dute GKEa, zeren emakumeekin trafikatzen dutenen esku suertatzeko aukera handiak omen dituzte.
"Gazteak dira eta oso ahulak, oso harrapakin errazak dira eta babestu egin behar ditugu", gaineratu du.
Nazio Batuen Erakundeak gogorarazi du Haiti munduko herrialde arriskutsuena dela emakume batek haurra erditzeko, eta egoera hori larritu egin da lurrikararen ostean.
Gutxienez 63.000 emakumek datozen asteetan haurra izango dutela espero dute, eta horietako 7.000 bakarrik egongo dira erditzeko garaian.
Era berean, emakumeen kontrako sexu-erasoak ugari daitezkeela ohartarazi dute.
Berreraikuntzari ekin diote
Mirarien denbora amaitu egin dela dirudi, eta nazioarteak hondakinen artean bizidunak bilatzeari utzi dio jada. Une honetan, biktimak artatzea eta herrialdea eraikitzen hastea dira lehentasunak.
Atzo bertan, bankuak zabaldu zituzten herrialdeko zenbait tokitan, eta haitiarrak dirua ateratzera joan ziren.
"Ez badut dirua jasotzen gosez hilko naiz. Bi seme-alaba elikatu behar ditut, eta diru barik ezin dut ezer egin", adierazi dio EFE agentziari ostalaritza lokal baten langile batek.
Bankuak zabaltzeak normaltasunera itzultzera du helburu.
Haitiko Gobernuaren plana
Haitiko Gobernua ere martxan jarri da. Horren ildotik, 400.000 pertsona kanpamenduetara eramateko plana iragarri du-
100.000 pertsona lekualdatzen hasiko direla zehaztu du Antoine Bien-Aime Barne ministroak. Kanpamentu batzuk Croix-des-Bouquets hiritik gertu eraikiko dituzte, hiriburutik iparraldera, Metropole irratiaren arabera.
Dagoeneko Nazio Batuen Erakundeko Egonkortze Misioan (Minustah) parte hartzen ari diren kasko urdinak lekualdatzea prestatzen hasi dira.
Bien-Aimek azaldu duenez, kanpamentu bakoitzak 10.000 lagun hartzeko edukiera izango du, baina guztira lurrikararen ondorioz etxerik gabe geratu ziren 400.000 pertsona lekualdatzea espero dute.
Haitiko irratiaren arabera, Gobernuak 30 autobus hartu ditu dagoeneko kaltedunak Port-au-Princeko hegoaldera eta iparraldera eramateko.
Orain, herrialdera ia zerotik eraikitzera
NBE ere larrialdi egoeratik herrialdea berreraikitzeko unera pasatu da.
Ban Ki-moon idazkari nagusia Bill Clinto AEBetako presidente ohi eta NBEk Haitin duen ordezkariarekin batzartu da ostegun honetan, hurrengo fasea prestatzeko.
Banek iragarri du John Holmes Gai Humanitarioetarako idazkariorde nagusia eta Helen Clarck Garapenerako Programaren administratzailea joango direla astelehenean Montrealen Haitiri buruz egitekoa den goi-bilerara.
Rosa Cresporen gorpua, Espainian dagoeneko
Rosa Crespo polizia espainiarren gorpua gaur goizean iritsi da Torrejon de Ardozeko base militarrera, Boeing 707 hegazkin batean. Bertan harrera egingo diote Alfredo Perez Rubalcaba eta Carme Chacon Barne eta Defentsa ministroek, besteak beste.
Ondoren, hilotza Zaragozara eramango dute, eta han meza bat eskainiko dute haren omenez.
Ertzainak arratsaldean iritsiko dira Euskadira
Hegazkin berean erreskate lanetan laguntzeko Haitira joan ziren ertzainak ere etorri dira.
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren arabera, agenteak arratsaldean helduko dira Euskadira.
Radio Euskadik haietako batekin hitz egin du: "Harrituta nago jendearekin, hori Bilbon gertatuko balitz,biztanleriaren erdia hilda egongo litzateke, eta beste erdiak zorteberdina izango genuke, ez dakigulako ezer egiten. Haitiarrakkanpin-denda bat egin dute lau makila eta oihal batekin". AlbertoSalazar ertzainaren hitzak.
AEBak, irmo agintzen Haitin
Bien bitartean, AEBak beren legea ezartzen hasi ziren atzo.
Armadak ohartarazi du ez duela errefuxiatu hatiarrik onartu AEBetan, eta mezu hori helikopteroen bidez zabaltzen ari da Haitin, eguneko 24 orduetan. Gainera, norbait herrialdean legez kanpo sartzen bada, Guantanamora bidaliko duten mehatxua egin du.
Bestalde, soldadu estatubatuarrek kazetariak egotzi dituzte Port-au-Princeko aireporetutik.
Barack Obamaren Gobernuko funtzionario baten arabera, Haitiko Garraio Ministerioak eskatuta eman zuten agindua.
Xabier Madariaga EITBk Haitin duen berriemaile bereziaren arabera, kazetariak aireportutik kanpo daude dagoeneko.
Krisi humanitarioaren datuakLurrikararen ondorioz 100.000 pertsona baino gehiago hil ditu, 1,5 milioi etxe barik geratu dira, eta biktimak 3 milioi izan dira, Gobernuaren arabera.