Gizartea
Lurreko Telebista Digitala
Nafarroako Gobernuak bere eskuetan du LTD bidez ETB emititzea
Erredakzioa
Industria Ministerioak bigarren multiplexa baimendu dio Foru Gobernuari. Horrekin, lau kate gehiago jarri ahal izango dituzte eta ETB izan daiteke horietako bat.
Espainiako Industria Ministerioak bigarren multiplexa izateko baimena eman dio Nafarroako Gobernuari, eta lau telebista-kate gehiago eduki ahal izango dituzte Foru Erkidegoan. Pauso garrantzitsua da Lurreko Telebista Digitalaren bidez Nafarroan Euskal Telebista emititu ahal izateko.
Beharrezko izapide bat zen Nafarroan ETB ikusi ahal izateko. Pauso teknikoa da, Foru Erkidegoan beste lau kate emititzeko. Aurrekoak Popular Televisioni, Canal 4 Navarrari eta Canal 6 Navarrari eman zizkieten.
Orain, Foru Gobernuari dagokio erabakitzea lau kanal berriak zein telebista-kateri eman nahi dizkieten.
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak elkarrizketarako deia egin die Jaurlaritzari eta Miguel Sanzen Gobernuari, behingoz arazoa konpontzeko eta ETBren emisioa baimentzeko.
Nafarroan iragan abenduaren 10ean egin zuten itzalaldi analogikoa. Ordutik, kate guztiek emititzen dute sistema digitalean ETBk izan ezik, analogikoz emititzen jarraitzen duelako.