Itxi

Politika

Blogean idatzia

Urkullu: "EAJren 'oiloek' badakite arrautzak non jarri"

Erredakzioa

Jeltzaleen presidenteak "liskarti"tzat jo du Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailea eta "bere oilategian ordena" jar dezala gomendatu dio.

Iñigo Urkullu EAJren presidenteak "bere oilategian ordena" jar dezala gomendatu dio Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileari eta "EAJren ''oiloek'' arrautza non jarri badakitela" adierazi dio.

Urkulluk horrelaxe erantzun die Interneteko blogean Pastorrek egindako kritikei. Agintari sozialistak atzo esan zuen EAJ "oilategi" bat dela ez dagoelako garbi nork agintzen duen: "Urkulluk bere blogetik, Joseba Egibarrek Legebiltzarretik edo Jose Luis Bilbaok Bizkaiko Foru Aldunditik".

EAJren presidentearen arabera, Pastor "EAJren kontrako liskarti sozialista ofiziala" da eta hori egin beharrean, "Jaurlaritzan desbideratu diren ardiak orienta ditzala, zeren egun batean gauza bat diote eta hurrengoan beste bat, eta horrek ez dio herriari mesederik egingo".

Patxi Lopez lehendakariak egin dezakeen onena Pastorri Sail bat ematea dela uste du, "foru hauteskundeetarako kanpaina egin dezan".

"Ziur nahiago duela hori PSEren Bizkaiko idazkari nagusi, ahaldun nagusi izateko hautagai, Batzar Nagusietako bozeramaile edo Legebiltzarreko sozialisten bozeramaile izan baino!. (Egia da Pastor ez dela kexu izango komunikazio alorrarengatik eta aukerengatik, baina nik uste dut nahiago zuela sailburu izan), gaineratu du Urkulluk.