Itxi

Politika

'Faisan' auzia

Poliziaren goi-karguek ohartarazi zuten ETA 'Faisan operazioaz'

Erredakzioa

Ikerketaren arabera, Victor Garcia Hidalgo Poliziaren zuzendari nagusi ohiak jakinarazi zion Faisan tabernako jabeari polizia-operazio bat izan behar zela. Beste lau polizia daude nahasita.

Espainiako Poliziaren bost goi-kargu izan ziren 2006ko maiatzaren 4ean Faisan tabernan ETAren kontrako operazio bat izango zela ohartarazi ziotenak Joseba Elosuari, lokal horretako jabeari.

''Faisan auzia''ren gaineko ikerketaren arabera ustezko bost erantzuleak ondokoak dira: Victor Garcia Hidalgo Poliziaren zuzendari nagusi ohia, Enrique Pamies Poliziaren buruzagia EAEn, komisario bat, Donostiako inspektore burua eta Gasteizko inspektorea.

Horrela zehazten da Baltasar Garzon epaileari igorritako polizia-txostenean, zenbait hedabidek gaur argitaratu dutenez. Aipatu bost lagunek terrorismoaren kontrako borrokan erantzukizun handiko karguak dituzte eta ETAri polizia-operazioaz ohartaraztea leporatzen diete.

''El Mundo'' egunkariaren arabera, Garzoni bidalitako txostenean organigrama bat agertzen da, Joseba Elosuari abisua eman zioten egunean nahiz bezperan nork nori deitu zion zehaztuta.

Bestalde, Victor Garcia Hidalgo Poliziaren zuzendari ohia ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioekin lotutako beste kasu batean azaldu da inplikatuta.

2007ko martxoan Jon Iurrebaso ETAko kidea atxilotu zuten Frantzian, Espainiako Gobernuko ordezkariekin biltzera zihoanean. Iurrebasori antzeman zioten sakelako telefonoa, aurretik Garcia Hidalgok maiztasunez erabilitakoa zen.

Iurrebasok epailearen aurrean azaldu zuenez, telefono hori Espainiako Gobernuaren ordezkariek eman zioten beste bilera batean, arazorik izanez gero hura erabili zezala esanez.