Itxi

Politika

Paueko Auzitegia

Ibai Peña Espainiari entregatzeko erabakia atzeratu dute

Erredakzioa

Bestalde, Joseba Agudo Amnistiaren Aldeko Mugimenduko abokatua Espainiaren esku uzteko erabakia otsailaren 4ra arte atzeratu du Bordeleko Auzitegiak.

Ibai Peña Balazantegi Espainiari entregatzeko erabakia otsailaren 2ra arte atzeratu du gaur Paueko Auzitegiak (Frantziako hego-mendebaldean). Peña atxilotzeko agindua eman zuen auzitegiak, Gasteizen kale-indarkeria ekintzak egiteagatik.

Auzitegi Nazionalak Peñaren kontrako euroaginduari buruz zenbait xehetasun argitu bitartean erabakia atzeratzea erabaki du Frantziako auzitegiak, iturri judizialek azaldu dutenez. Peña Baionan (Iparralde) atxilotu zuten urtarrilaren 8an.

22 urteko gazteari egozten zaizkion delituak noiz egin ziren zehaztea eskatzen diote Espainiako Justiziari eta atxilotzeko agindua emateko oinarri izan zen agiria entregatzea eskatu dute, iturriek esan dutenez.

Peña atxilotzeko agindua iaz maiatzaren 25ean eman zen edo beste auzi batengatik den argitzeko eskatu dio Paueko Auzitegiak Auzitegi Nazionalari.

Arabako gazte honek 2007ko uztailean ihes egin zuen Polizia Nazionalak kale-indarkeriaren kontra Gasteizen egindako operazio batetik. Bertan lau lagun atxilotu zituzten.

Agudo

Bestalde, Joseba Agudo Amnistiaren Aldeko Mugimenduko abokatua Espainiaren esku uzteko erabakia otsailaren 4ra arte atzeratu du Bordeleko Auzitegiak.

Harriet Agirre

Gainera, Pariseko Auzitegiko Fiskaltzak hamar urteko espetxe-zigorra eskatu du gaur Harriet Agirrerentzat. Garikoitz Aspiazu Txeroki-k ETAko talde militarra zuzentzen zuenean Agirre ''bigarren buruzagia'' zela uste dute.

Agirre Idoia Mendizabal eta Alberto Garmendiarekin batera epaitu dute gaur. Fanny Bussac fiskalak zortzi urteko kartzela-zigorra eskatu du Mendizabalentzat eta sei urte Garmendiarentzat, hainbat deliturengatik.