Mundua
Suntsipena erakusteko
Lurrikarako zonaren irudiak gaurkotu ditu Google Earth aplikazioak
Erredakzioa
Presidentetzako Jauregia eta inguruko auzoak hondatuta direla erakusten dute irudiek, izan ere, hondakinak baino ez dira orain.
Port-au-Princeko hiriko irudiak eguneratu ditu Google Earth mundu osoko satelite irudiak hartzen dituen aplikazioak, asteartean Haitin izandako lurrikarak utzitako hondamendia erakusteko.
Tragedia gertatu eta ordu gutxira zonari argazkiak atera zizkioten. Presidentetzako Jauregia eta inguruko auzoak hondatuta direla erakusten dute irudiek, izan ere, hondakinak baino ez dira orain. Gainera, lurrikara gertatu baino lehen ateratako argazkiak ikusgai dira, horrela gertatutako hondamendiaren nondik-norakoa egiazta daiteke.
Google Earth-eko blogean azaldu dutenez, erabiltzaileek eta zenbait elkartek egindako eskaerei erantzuten die ekimenak, horregatik, ahal den heinean irudi berriak jartzen ahaleginduko dira eskakizunei erantzuteko.
"Google Earth-ek hondamendia arintzeko paper garrantzitsua jokatzea espero dugu", eta erabiltzaileei ekarpenak egiteko eskatu diete partekatu eta hondatutako zonaren mapa fidagarriago bat egin ahal izateko.