Itxi

Ekonomia

Presidentearen hitzaldia

Bankuei emandako "diru guztia" berreskuratuko duela esan du Obamak

Erredakzioa

"Hiritarrei zor zaiena" eskatuko die AEBetako presidenteak bankuei. Zerga bereziak iragarriko ditu, Etxe Zuriak jakinarazi duenez.

Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak bere Gobernuak lagundu zituen bankuen "etekin handiak eta hobari zantarrak" salatu ditu. Zentzu honetan, "hiritarrei zor zaien diru guztia" berreskuratu egingo duela azpimarratu du Obamak.

Etxe Zuriak AEBetako presidentearen hitzaldiaren aurrerapena bidali du gaur arratsaldean. Testuaren arabera, datozen hamar urteetara begira, banku handienei zerga bereziak ezarriko die, emandako 117.000 milioi dolarrak berreskuratzeko helburuarekin.

Kongresuak onartzen badu, zerga berri honi esker 90.000 milioi dolar bilduko dituzte datozen hamar urteetan, eta 170.000 milioi hurrengo 12 urteetan, Etxe Zuriak azaldu duenez.

Zerga berri hau Estatuko 50 finantza-entitate handienei ezarriko zaie: Banketxe, aseguru-etxe eta finantza-bitartekariak. Bildutako diruaren % 60 AEBetako 10 finantza-entitate handienen eskutik etorriko litzateke.

Obamaren arabera, banku handiek "gehigarri lizunak" ordaintzeko kapaz baldin badira, "porrotetik salbatu zituen dirua" herritarrei itzultzeko gai izango dira.

Hala eta guztiz ere, finantza-erakunde handien erreskatean inbertitutako diru guztia berreskuratu arte zerga berria indarrean izango da.