Mundua -
Bozketa
Greziako Parlamentuak gogor murriztutako aurrekontuak bozkatuko ditu
2013ko aurrekontuetan gastua gogor murriztu da baina onartzea ezinbestekoa da ostirala baino lehen herrialdearen porrota ekiditeko.
Erredakzioa
Greziako Parlamentuak 2013. urterako aurrekontuak bozkatuko ditu igande gauean. Murrizketa handiak aurreikusten dituzten aurrekontuak dira, nazioarteko mailegu-emailek finantza laguntza berria emateko (datozen asteetan jasotzea espero dute) jarri duten baldintzarekin bat eginez.
Murrizketa 9.500 milioi ingurukoa da eta batik bat, pentsioetan, soldata publikoetan, administrazioan, osasunean eta gizarte laguntzetan izango du eragina. Halaber, zergen igoerarekin diru gehiago jasotzea aurreikusi dute.
Gobernuan dagoen koalizioak (Demokrazia Berria, Pasok eta Dimar) asteazkenean doitze neurri berriak ateratzeko izan zituen arazo bera ez izatea espero du, orduan hiru bozen aldeagatik onartu baitziren.
Greziako komunikabideek aurreikusi dutenaren arabera, Ganberako 300 kideetatik, 165 edo 168 diputatuk emango lukete baiezko botoa.
Bi bozketen aldeko botoa behar da Europar Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren 130.000 milioi euroko laguntza berria jasotzeko.
Antonio Samaras lehen ministroak jada adierazi du laguntza hori gabe, Grezia dirurik gabe geldituko dela, "hondamendia" sorraraziz.
Azken asteetan, erreskate berria jaso ezean, azaroaren 16an dirurik gabe geldituko direla esan du.
Eurotaldearen txostena Bestalde, Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroak ukatu egin du "troikak" Greziako finantza publikoen inguruko txosten osoa asteleheneko eurotaldearen bilerarako prest izango duela. Ondorioz, erreskate berria atzeratu egingo litzateke.