Mundua -
'Sandy' ekaitza
'Sandy'ren kudeaketa, Obamaren gakoa hauteskundeak irabazteko
AEBetako presidentea hauteskunde kanpainatik aldendu da, zikloiaren krisiak eskatzen duen mailan dagoela erakusteko.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak bertan behera utzi ditu bere hauteskunde kanpainako ekitaldi guztiak, 'Sandy' zikloiak sortutako krisia txarto kudeatzeak garaipena kostatuko zaion jakitun.
Nolanahi ere, bestela ere interpreta daiteke: kudeaketa ona egitea erabakigarria izan liteke Mitt Romney hautagai errepublikanoa garaitzeko, batik bat inkestek berdinketa teknikoa erakusten duten honetan.
Jesus Torquemada EITBren nazioarteko gaietarako adituaren esanetan, 'Sandy' zikloia Obamaren alde bozkatzen ari da: "Krisi uneetan, AEBetako herritarrek presidentea egoerak eskatzen duen mailan dagoela ikusi nahi dute. Gainera, Romney hautagaiaren egoera ez da batere erosoa, ezin baitu presidentearen kudeaketa goratu, baina ezta gogor kritikatu ere, oportunista izatea egotziko baitiote".
Kasu honetan, historia alde du Obamak. Izan ere, 2002. urtean, Alemanian uholde handiak izan ziren, eta orduko kantzilerrak, Gerhard Schröderrek, oso zaila zuen hauteskundeetan irabaztea, baina, krisi hartan, agintari onaren irudia eman zuen, eta irabazi egin zuen, inkesta guztiak aurka zituen arren.
Dena dela, kudeaketa txar bat azkena izan daitekeela erakusten duten aurrekariak ere badaude. 2005. urtean, 'Katrina' urakanak New Orleans astindu zuenean, George W. Bush presidentearen ospeak okerrera egin zuen. Hala ere, orduan bigarren agintaldian zegoenez, ezin izan zuen bere burua berriz aurkeztu hauteskundeetara, eta, beraz, boto-emaileek ezin izan zuten zigortu.
OBAMA VS ROMNEY
Obama presidenteak hiru egunez bertan behera utzi ditu hauteskundeetan bere aldeko botoa eskatzeko prestatuta zituen ekitaldi guztiak. Horren ordez, gaur New Jerseyra joango da, kalteak gertutik ikusi eta biktimei babesa emateko. Hori horrela, Bill Clinton presidente ohiak eta Joe Biden presidente ohiak hartuko dute haren lekua kanpainan.
Bestalde, Mitt Romneyk berriz ekingo dio kanpainari, eta gaur hiru ekitaldi egingo ditu Floridan, hots, estatu erabakigarrienetako batean.