Mundua -
Sakrifizioaren Jaia
Gutxienez 41 lagun hil dira Afganistanen, atentatu suizida batean
Armadako uniformea jantzita zeukan pertsona batek gerrian zeramatzan lehergaiak eztandarazi ditu. Momentuz, inork ez du atentatua bere gain hartu.
Erredakzioa
Afganistan ipar-ekialdean gertatu den atentatu suizida batean, gutxienez, 41 lagun hil dira. Gainera, hirurogei pertsona inguru zauritu dira, herrialdeko iturri ofizialek jakinarazi dutenez.
Armadako uniformea jantzita zeukan pertsona batek gerrian zeramatzan lehergaiak eztandarazi ditu, Maynama hiriko (Faryab probintzia) Eidgah meskitaren atarian. Fededun asko bildu dira mezkita inguruan, musulmanen Sakrifizioaren Jaiaren harira.
Afganistango Gobernuko kideak eta eskualdeko agintariak meskitara heldu direnean gertatu da atentatua, Poliziak eta lekukoek jakinarazi dutenez.
“Gutxienez, 41 pertsona hil dira erasoan, horien artean, 5 ume, eta beste hirurogei pertsona zauritu dira”, Abdul Sappar Fidgah-eko gobernadore ordeak jakinarazi duenez.
Hildakoen artean, Ahmad Javed Bedar Faryabeko gobernadorea dago, nortasuna ezkutatu duen iturriko ofizial bateko ordezkariak adierazi duenaren arabera.
Sediq Sidiqui Afganistango Barne Ministerioko bozeramaileak AIP albiste agentziari adierazi dioenez, “hildakoen erdiak baino gehiago segurtasun indarreko kideak ziren.”
Momentuz, inork ez du atentatua bere gain hartu. Omar Afganistango talibanen buruzagiak hitz egin eta biharamunean gertatu da erasoa, izan ere, Sakrifizioaren jaia euforia sentimenduarekin ospatzeko dei egin zien atzo haren jarraitzaileei.
Presidentearen gaitzespena
Hamid Karzai Afganistango presidenteak atentatua gaitzetsi du komunikatu baten bitartez. Doluminak eman dizkie biktimen senideei, eta atentatuaren egileak islamaren eta gizateriaren etsaitzat jo ditu.