Mundua -

Epaia

Lau urteko kartzela-zigorra Carromerorentzat, Payaren istripuagatik

Granmako Probintzia Auzitegiko Zigor arloko lehenengo Salaren epaiak hiru urte gutxitu du Kubako Fiskaltzak eskatutako zazpi urteko zigorra.

Angel Carromero. EFE
Angel Carromero.
Angel Carromero. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kubako Justiziak lau urteko kartzela-zigorra ezarri dio Angel Carromero espainiarrari, Oswaldo Paya eta Harold Cepero Kubako oposizioko kideak hil ziren auto-istripuan gizahilketa delitua leporatuta, Cubadebate webgune ofizialak jakitera eman duenez.

Granmako Probintzia Auzitegiko Zigor arloko lehenengo Salaren epaiak hiru urte gutxitu du Kubako Fiskaltzak eskatutako zazpi urteko zigorra.

"Gertaeren larritasuna ikusita, bi pertsona hil ziren Carromero Barriosen zuhurtziagabeko jokaeragatik, auzitegiak lau urteko kartzela-zigorra ezarri dio", Cubadebateko ohar batean irakur daitekeenez.

Epai judiziala auzipetuak eta fiskalak aurkaratu dezakete, Auzitegi Goreneko Zigor arloaren aurrean kasazio-errekurtsoa jarrita.

Angel Carromero Madrilen PPko Belaunaldi Berrien burua alokairuko auto bat gidatzen zioan, 2012ko uztailaren 22an, eta auto-istripua izan zuen Bayamotik gertu.

Ibilgailuan Oswaldo Paya (60 urte zituen) Askatze Mugimendu Kristauaren oposizioko buruarekin eta Harold Ceperorekin zihoan. Azken horiek zuhaitzaren aurka izandako talkaren ondorioz hil ziren.

Carromeroren aurkako epaiketa urriaren 5ean egin zuten, Bayamon, bertan Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu zuen, eta gaztearen abokatuak askapenaren alde egin zuen.

Payaren familiak beti jarri izan du ezbaian auto istripuaren bertsio ofiziala, eta ez zuen kargurik aurkeztu Carromeroren aurka, hura errugabea zelakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea