Mundua -
Hauteskunde orokorrak
Berlusconi ez da hautagai izango Italiako hauteskundeetan
Ezkerrak hauteskundeak irabaztea ekiditeko, Mario Monti buru izan litekeen alderdi moderatuen koalizio bat egitea proposatu du Berlusconik.
Erredakzioa
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiak berretsi duenez, ez du bere burua udaberriko hauteskunde orokorretan hautagai gisa aurkeztuko, eta Mario Monti buru duen alderdi moderatuen koalizio bat sortzea proposatu du.
Canale 5 kateko "Mattino Cinque" saioan azaldu du erabakia eta bere ibilbide politikoarekin "erabat koherentea" dela esan du.
Bestalde, "Libero" egunkariak ere Berlusconik hautagai gisa aurkeztea baztertu duela argitaratu du gaur.
Telebistako elkarrizketan esan duenez, ezkerrak hauteskundeak irabazi ditzakeela kontuan hartuta, alderdi moderatuak batzeko helburuarekin errefusatu du bere hautagaitza.
"1994an sartu nintzen politikan, enpresario lanak alde batera utzita eta herrialdearen zerbitzura jarri nintzen, izan ere, orduan ere, Italia ezkerraren esku gelditzeko arriskua zegoen, eta moderatu guztiak biltzeko erabakia hartu nuen", adierazi du.
CGIL edo FIOM sindikatuekin bat egiten ez duten guztiak batzeko deia egin du. Halaber, UDC Zentroko Batasuna alderdiko aliatu ohiei ere koalizioko parte izateko deia egin die, baita Italia Futura Luca Cordero di Montezemolo Ferrariko presidentearen alderdiari ere.
Koalizioaren buru zein izan daitekeen inguruan galdetuta, "izenak ematea zaila" dela onartu du Berlusconik, baina batzuekin jada kontaktuan dagoela adierazi du. Mario Monti ez duela baztertzen gaineratu du, "beti ibili izan baita arlo honetan".
Bere alderdiaren (Askatasunaren Herria) etorkizunaz ere mintzatu da eta PDL akronimoak ez duela "emoziorik ematen" onartu du, horregatik, izena aldatuko diola azaldu du, baina ez dela alderdikideen "berrikuntza" operaziorik egongo gaineratu du.